Aurreko asteko lanuzteen ostean, aste honetan bi egunez egin dute greba SDA Factory enpresako langileek Gasteizko (Araba) fabrikan. Jarraipena ia erabatekoa izan da, eta hurrengo asteetako asteazkenetan eta ostegunetan ere grebara joko dute, langile guztientzako hitzarmen duin baten alde.
Lan hitzarmen propioa ezarri beharrean, metalgintza sektoreko lan hitzarmena aplikatzen hasi da enpresa, kontratazio berrietan. Modu horretan, eta langile berrien lan baldintzei dagokienez, beharginek salatu dute eskala bikoitza sartu duela indarrean zuzendaritzak. Hala, langile guztientzako berdina izango den hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan.
Langile batzordeak zuzendaritzako kideei leporatu die, aurretiaz, negoziazioa baldintzatu eta greba desitxuratu
izana. Izan ere, negoziazio mahaia utzi zuten, langileek grebara deitu zutenean. Aste honetan, zehazki, biltzeko
prest agertu da zuzendaritza, beti ere, beharginek grebari amaiera ematen badiote. Haiek, ordea, adierazi dute ez daudela prest batzarrak mehatxu artean berrartzeko.