Bi urte dira ez dutela Bizkaiko adinekoen egoitzetako hitzarmena berritzen, eta langileek salatu izan dutenez, ordutik "izoztuta" daude lan-baldintzak. Baldintza horien artean aipatu dute, esaterako, "eramanezinak" direla haien gain jartzen diren lan-kargak eta ratioak ez direla "nahikoak"; ondorioz, egoiliarren "mendekotasun-beharrei" erantzuteko ematen den zerbitzua "kalitaterik gabea" dela diote.
Une honetan geldirik dago sektoreko hitzarmenari buruz hitz egiteko negoziazio mahaia. GESCA, LARES eta ELBE patronalak iazko urriaren 14an bildu ziren azkeneko aldiz langileen ordezkariekin, eta ordutik ez da bilerarik egon. ELA sindikatuak salatu du patronalek ez dutela erakutsi bilera berri batera deitzeko ez eta "gaur egungo egoera aldatzeko" borondaterik. "Patronalari egoera hau interesatzen zaio; izan ere, etekin-marjinak handitu egiten dira lan-baldintzak eta egoitzetako erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua okerragotzen badira", adierazi du ELAk. Blokeo egoera hori, gainera, Bizkaiko Foru Aldundia jakitun eta konplize izanda ari da izaten, ez baitu esku hartu oraingoz, zerbitzua bere eskumenekoa eta ordainpekoa izan arren.
Hala, grebara deitu dute ELAko ordezkariek, patronalei presioa egiteko, negoziazio mahaia berriro martxan jar dezaten. Irailaren 4an, 5ean eta 6an izango dira lanuzteako Bizkaiko egoitzetan.