ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Greba orokorra Grezian, 2017an. FOTOGRAFÍA / El Economista
2023/04/28 10:27

Greben jaitsierari zifra bat jarri dio European Trade Union Institute (ETUI) ikerguneak, krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik Europan izan diren grebak eta ekintza sindikalak ardatz dituen txosten batean. Fenomenoa nahiko ezaguna izan arren, zifra zehatzetan jarri du: batez besteko greba egunen indizea %78,6 murriztu zen 2000. eta 2021. urteen artean; 1.000 langileko, 62,7 egunetik 19,9ra. Zifra horiek herrialdeka eta sektoreka konparatzea ahalbidetzen duen mapa bat ere osatu dute. Bertan joera orokor bat ikusten da: sindikatuek iraganean baino askoz ere greba deialdi gutxiago egiten dituzte, batez ere, enpresa pribatuetan.

Kurt Vandaele ETUIko ikerlariak Mendebaldeko Europan azken hogei urteetan izan diren grebei buruzko datuen azterketa konparatiboa egin du. Horren arabera, eta komunikabideek askotan ematen duten irudiaren kontrara, sindikatuek "gero eta joera txikiagoa dute grebaren arma zabaltzeko". Vandaelek, bereziki, Europako hemeretzi herrialdetako greba egun kopuruaren bilakaera alderatzen du. Kopuru hori, oro har, asko eta azkar jaisten ari dela ikus daiteke: 2005-2014 aldian lanuzteen batez bestekoa 50 egunekoa izan zen 1.000 langileko, 1995-2004 aldian baino hamar egun gutxiago. Beherakada ez zen hor geratu, zifra hori 19,9raino jaitsi baitzen 2014. eta 2021. urteen artean; 30 egun gutxiago zazpi urte eskasean. Azken hamarkadan, bereziki bizkortu da greben indizearen apaltzea: %42 jaitsi da, 2011ko 34,8tik 2021eko 19,9ra.

2005-2014 aldian lanuzteen batez bestekoa 50 egunekoa izan zen 1.000 langileko, 1995-2004 aldian baino hamar egun gutxiago

Europako mendebaldeko hamasei herrialdetan egindako greba orokorren kopuruari buruzko datuak bildu zituen, gainera. 2010etik 2013ra bitartean, Mediterraneoko herrialdeetan gobernuen austeritate-planen aurkako greben gorakadak eragin zuen igoera. Izan ere, Grezian 25 greba orokor izan ziren 2010. eta 2015. urteen artean.

Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko banalerroa oso argia da: Europako hegoaldeko herrialdeetako sindikatuek greba orokorrak antolatu izan dituzten bitartean, Alemaniak, Herbehereek, Suediak, Erresuma Batuak, Irlandako Errepublikak eta Danimarkak ez dute greba orokor bakar bat ere izan azken hogei urteetan.

Alemaniak, Herbehereek, Suediak, Erresuma Batuak, Irlandako Errepublikak eta Danimarkak ez dute greba orokor bakar bat ere izan azken hogei urteetan

Hala ere, nabarmentzekoa da Europako hegoaldean ere ez daudela ezer ospatzeko moduan. Espainiako Estatuan, adibidez, 2012an izan zen azken greba orokorra. 70eko hamarkadara arte, jarduera sindikala enpresen barruan hasten zen eta adar, sektore zein greba orokorretaraino gora egiten zuten prozesuen forma hartzen zuen sarritan. Gaur egungo egoera arras desberdina dela ondorioztatzen du txostenak: "Sindikatuek maila handiko mobilizazioak egiten dituzte epe laburrean, eta helburua eskuratutako eskubideak defendatzea izan ohi da, berriak lortu beharrean".
NO HAY COMENTARIOS