ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/05 11:12

Ertzaintzak gomazko pilotak normaltasunez erabili ahal izatea nahi du ESAN sindikatu polizialak, eta "ausardia politikoa eta berehalako ekintza" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari: "Biolentzia gora egiten ari da eta baliabide polizialak ez dira ez hobetzen ez garai berrira egokitzen". Abenduaren 10ean jokatuko dute Bilbon (Bizkaia) Athleticek eta PSGk, eta horren aitzakiapean egin du aldarria ESANek, egun horretako operazio polizialaren antolaketak "kezka" sortzen omen diola esanez.

Harago ere egin du erakunde polizialak, ordea: 2025eko lehen sei hilabeteetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "kale-biolentziaren gorakada kezkagarri" bat izan dela defendatu du, Donostiako (Gipuzkoa) kasua azpimarratuz. Kalean "eraso gehiago", "arma zurien erabilera handiagoa" eta, ustez, polizia-operazioetan zauritutako agente gehiago izaten omen dira orain. Hori ere erabili du aitzakiatzat ESANek, gomazko piloten erabilera justifikatzeko eta errreibindikatzeko: adierazi du "ulertezina eta arduragabea" dela Ertzaintzak gomazko pilotak edozein esku-hartzetan ezin erabili izatea, arma hori eduki arren.

Aurten bete dira hamahiru urte Ertzaintzak, gomazko pilotakada batez, Bilbon (Bizkaia) Iñigo Cabacas erail zuenetik. Eta 30 urte bete dira, beste pilotakada batez, Donostian Rosa Zarra larriki zauritu zuenetik. Handik egun gutxira hil zen ospitalean.

Baina gomazko balekin zenbaezinak diren pertsonak erailtzeaz eta larriki zauritzeaz gain, gaur egun normaltasun eta erraztasun osoz erabiltzen dituzten foam jaurtigaiak ere ez dira inondik inora atzean gelditzen: iazko martxoan, Reala-PSG aurretik, gutxienez hiru pertsona zauritu zituen Ertzaintzak Donostian, foam jaurtigaiekin jota; aurreko urteko Inauterietan Tolosan (Gipuzkoa) zauritu zituen hainbat gazte buru aldean, haietako bati betirako kaltetuz ikusmena; eta joan den apirilean mutilatu zuen lagun bat Bilboko Errekalden, foam bala batekin barrabiletan jo ostean.

NO HAY COMENTARIOS