ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / ELA
2025/09/18 11:06

Gipuzkoako erresidentzietan eta eguneko zentroetan lanuzteak izango dira hurrengo astean, irailaren 24an, 25ean eta 26an, nagusiki lanaldi osoko kontratuak exijitzeko. Izan ere, langileen erdiak dituzte kontratu partzialak euren borondatearen kontra, eta "kontratu duinak" izateko nahiz "soldata-arrakalarekin amaitzeko" eskatuko dute datozen hiru greba-egunetan. Sektoreko hitzarmenari loturik lan-baldintza hobeak exijitzeko borrokan, sei greba-egun egin dituzte jada.

"Azken lau urteotan, gero eta lan-kontratu murritzagoak eskaintzen dira", esan du ELA sindikatuak: "Egun, sektore horretako kontratu berrien artean salbuespena da %100eko lan-jarduna duten kontratuak egitea, lan-karga berdina izanagatik ere". "Kontratu horiek diru publikoarekin irabaziak biderkatzeko eta soldatak ez aplikatzeko mekanismoa dira, baita langileak menpeko eta prekario bihurtzeko ere", gaineratu du. ELAk egindako greba-deialdira batu da LAB ere.

Aldundiaren egoitzak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzeko egoera nabarmendu du ELAk. "Aldundiak 65 bat egoitza ditu itunduta, 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehien-gehienak emakumeak. 65 egoitza horietatik hamazazpi bereak ditu [...]; hau da, egoitza publikoak dira, nahiz eta langile gehienak azpikontratatuak dauden. Bada, zerbitzu horiek lizitatzeko atera dituen azken bederatzi pleguetako informazio publikoa aztertu du sindikatuak, eta ondorioztatu du langileen %55ek kontratu partziala dutela", dio.

NO HAY COMENTARIOS