ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / AutoRevista
2025/03/04 08:17

Gasteizko (Araba) Mercedes-Benz lantegian plantilla eta ekoizpena murrizteko pausoak eman ditu dagoeneko zuzendaritzak. Urtarrilaren bukaeran jakin zen behin-behineko lanpostuak nabarmen gutxiagotuko zituela, eta behin-behineko kontratuak zituzten 180 bat langile botako zituela; azkenean, 180 eta 300 artean izan dira. Horretaz gain, astelehenetik ostiralera bitarteko lan-txandak murriztu ditu orain.

Zehazki, gaueko txanda desagerrarazi du berriki, ez dadin eguneko 24 orduetan ekoitzi astean zehar. Hala ere, aldaketak egin ditu larunbatetako lanaldian: lan-txanda berri bat gehitu du larunbat goizetarako, eta, zortzi ordukoa beharrean, aurrerantzean bederatzi ordukoa izango da larunbat gauetako txanda. Aldaketa horiekin guztiekin, astean 20 lan-ordu gutxiago izango dira fabrikan.

Aurreikuspenen arabera, Gasteizko Mercedesen 124.634 ibilgailu ekoitziko dituzte aurten, azken urteetako kopururik baxuena, baina mahai gainean dira kotxe elektrikoa egiten hasteko promesa eta horretara bideratutako obrak (1.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin). Eskarian egon den jaitsierak, aipatutako murrizketez gain, geldialdiak eragin ditu azken urtean; azkena iazko urtearen amaieran izan zen, 24 egunez geratu baitzuten ekoizpena. Badirudi, gainera, geldialdi-egunak konpentsatzeko lan-erregulazioren bat aplikatuko duela enpresak, eta halako espediente baten mamua ere badute gainean langileek. Zuzeneko 5.000 beharginek jarduten dute lantokian, eta zeharkako 30.000 inguru biltzen ditu, gehienak Araban.

Gasteizko lantegiaren gaur egungo eta etorkizuneko egoera oso lotuta dago Alemaniako egoerari eta, bereziki, automobilgintzako egoerari. Eta bi kasuetan ikusten hasiak dira krisi sakonen ondorioak. Alemanian dago, hain zuzen ere, Mercedesen egoitza nagusia, eta badirudi neurri estrategiko berriak hartzea aztertzen ari direla bertan. Ikusteke dago zein izango diren neurri horiek.

NO HAY COMENTARIOS