Gasteizko (Araba) Koroatzean, pertsona migranteen kontrako "presio poliziala" indartuko du udalak, auzoko bi lokal okupatutan bizi direnen aurka bereziki. Horretarako, auzuneko "delinkuentziari" aurre egitea hartu du aitzakiatzat. Hala jakinarazi du Maider Etxebarria alkateak (PSE-EE), eta agindua eman diete jada udaltzaingoko buruei. "Izan dezatela oso argi pertsona horiek: aurrean izango gaituzte", esan du Etxebarriak.
Polizia-indarren presioa areagotzeko asmoen barruan, aurreratu dute presentzia poliziala areagotuko dela Koroatzean; bai polizia-patruilena, bai kalez jantzitako agenteena. Ertzaintzak duela astebete indartu zuen bertan bere presentzia, eta udaltzaingoa batuko da orain.
Aurreko ostegunean, aipatutako bi lokaletan bizi diren pertsonen kontrako sarekada bat egin zuten udaltzainek eta Espainiako Poliziak, eta gutxienez bi eraman zituzten atxilo. Antza denez, ez daude legeztatutako egoeran, ez baitzuten paperik.
Kaleratuak izateko arriskuan
El Correo hedabide intoxikatzailearen arabera, martxan daude bi lokalak husteko prozesuak. Jabe legaletako batek duela hainbat aste aurkeztu zuen okupazioari lotutako salaketa bat Guardia Zibilean, eta, udalaren esanetan, bigarren lokaleko jabeek ere hasi dituzte desalojorako tramiteak.
Koroatzeko bizilagun talde batek duela hainbat aste ekin zion mobilizatzeari, lokaletan bizi diren pertsonak seinalatuz, "bizikidetza-arazoak", "delinkuentzia" eta "segurtasun falta" argudiatuta. Asteartero jotzen dute protestara.