ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/23 08:19

Mobilizatzen jarraitzen dute Gasteizko (Araba) Disport Ekiko langileek. Enpresa hori Gasteizko Udalak dauka azpikontratatuta, zentro zibikoetako kirol-jarduerarako, eta azpikontratak 150 langile inguru ditu kontratatuta; hala nola, sorosleak, monitoreak eta kantxetako nahiz frontoietako beharginak. Azken hilabeteetan hainbatetan jo dute protestara eta grebara, euren lan-baldintzen defentsan: baldintza guztiz prekarioak eta urteetan zehar luzatu diren ez-ordaintzeak salatu dituzte, besteak beste.

Urriaren 1ean ekin zioten ikasturte berriari Disporteko langileek, baina eraso larri baten berri izanda: aipatutako protestetan eta lanuzteetan modu aktiboan parte hartu duen langile bat kaleratu du enpresak. Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) ohartarazi duenez, lan-baldintzen defentsan mobilizatzeagatik zigortu dute langilea.

Protesta larunbat honetan, askatasun sindikalen alde

LASek deituta, larunbat honetan, urriaren 26an, mobilizazio bat izango da. Eguerdiko 12:30erako egin du deialdia, Gasteizko Lakua 03 Gizarte Etxe aurrean. Hain zuzen ere, hantxe dago kaleratutako beharginaren lanpostua. Disporten zigorren kontra, klase-elkartasuna aldarrikatuko dute protestan, eta kanporatutako langilea berriz har dezatela exijituko dute.

"Askatasun sindikalen aurkako arazoei aurre egin behar diegu gaur, bihar gure baldintzen alde eta azpikontratazioaren aurka borrokatzen jarraitu ahal izateko", nabarmendu dute LASeko kideek.

Udala, beste alde batera begira

Disport hartzekodunen aurrekonkurtsoan dago joan den maiatzetik. Hala ere, hari esleitutako lizitazioak mantentzen ditu Gasteizko Udalak, beharginek behin eta berriz salatu duten arren zer urraketa jasaten ari diren azpikontratatutako enpresaren partetik.

Esaterako, 2022tik pilatu ditu atzeratzeak langileen soldaten ordainketetan (hitzarmenaren arabera, hilabete bakoitzeko 7a baino lehen jaso behar dute ordainsaria), eta jakinaren gainean da udala: behin baino gehiagotan hitzeman du ez zela arazorik egongo ordainketetan.

Gasteizko Udalaren eta, zehazki, Ana Rosa Perez de Uralde Kirol zinegotziaren ardura seinalatu du LASek, "enpresaren egoeraren jakitun" direlakoan; adibidez, "ez-ordaintzeak, askatasun sindikalen aurkako erasoak, ezinegon orokortua eta abar".

Azpikontratak jomugan

Gasteizko LASek hilabeteak daramatza udal-azpikontraten jarduna salatzen: "Langileon lan-baldintzak prekarizatzen dituzte, gure defentsarako gaitasuna murrizten dute enpresa ezberdinetan sakabanatuz, eta udal-zerbitzuak okertzen dituzte, enpresa gutxi batzuk diru publikoarekin aberasten diren bitartean".

NO HAY COMENTARIOS