Atzo iluntzean, mobilizazio jendetsu bat izan zen Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriaren Plazan, U12 Auziperatuak absoluzioa lelopean. Hala, ehunka lagunek eman zieten babesa Espainiako Falangearen aurka protesta egiteagatik auzipetutako hemeretzi pertsonei, zabalik baitago haien aurkako ikerketa Arabako Probintzia Auzitegian. Ikertuak izaten ari diren antifaxistei elkartasuna adierazteaz gain, haien absoluzioa exijitu zuten manifestariek.
Iazko urriaren 12an falangistak Gasteizen elkarretaratu izana gaitzetsi zuten berriz atzoko mobilizazioan, eta defendatu zuten "tresna legitimoak" direla faxismoaren kontrako borroka eta "protesta soziala". Horiek horrela, instituzioek antifaxisten kontra erabilitako "kriminalizazio mediatiko eta juridikoa" salatu zuten, "probokazio eta biolentzia faxistak" seinalatu ordez, mugimendu antifaxista kriminalizatu dutelako.
Horri lotuta, erakunde publikoek eta zehazki Ertzaintzak falangistekin izandako konplizitate zuzena ekarri zuten gogora atzokoan. Izan ere, ohartarazi zuten talde faxistak "uneoro Ertzaintzaren babesa" izan zuela urriaren 12an: Poliziak eskolta eman ziolako eta antifaxisten kontra bortizki kargatu zuelako egin ahal izan zuen kontzentrazioa Falangeak, makilekin eta piperbeltz gasarekin armaturik besteak beste. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak ekitaldi faxista baimendu zuten, atzo oroitarazi zutenez, eta falangistek inpunitate osoz zabaldu zituzten euren mezu faxistak Gasteizko erdigunean.
Hala ere, hemeretzi pertsona antifaxista jarri dituzte jopuntuan epaitegian, eta falangista edo ertzain bat bera ere ez dago ikerkertapean. Oraingoz, aurrera doaz instrukzioko deklarazioak: atzo, urtarrilaren 20an, Ertzaintzako agenteek jarraitu zuten deklaratzen. Euspel sindikatu polizialak, adibidez, lau urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu ikertutako pertsonen kontra, "desordena publikoak" eragitea, "agintaritzari larriagotutako erasoa" egitea eta "lesioak" eragitea leporatuta.