Gasteizen (Araba) antolatzen hasia den ostalaritzako langileen asanbladak deituta, kalejira bat izan zen atzo iluntzean Kutxi kalean zehar. Beharginek bigarrenez atera zituzten kalera euren aldarriak, hilabete honen hasieran ere egin baitzuten martxa bat Alde Zaharrean. Langileek berriz salatu dute nagusiek sistematikoki urratzen dutela sektoreko hitzarmena, eta antolatzeko nahiz euren eskubideak defendatzeko dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte. Atzo Ostalaritzako langileok borrokan lelopean egindako kalejiran, langileen arteko batasuna aldarrikatu eta defentsarako mekanismoak sortzeko beharra azpimarratu zuten.
Arabako Ostalaritzako Hitzarmen berria negoziatzen ari dira SEA patronala eta sindikatuak, baina oraingoz ez dago akordiorik soldata-igoerei edo laneko bajei dagokienez, besteak beste. Gasteizko ostalaritzako beharginen asanbladak hiru aldarri nagusi egin ditu, itunari dagokionez: esan du ez duela baja hartzeko eskubidearen kontrako erasorik onartuko, beharrezkoa dela soldatak igotzea, eta, nagusiei hitzarmena betearazi ahal izateko, ezinbestekoa dela langileak antolatuta egotea, "batez ere tabernetan eta jatetxeetan".
Asanblada berriak azaldu du lanean jarraituko duela sektoreko beharginen eskubideen defentsan, eta dei egin dio langile orori antolakuntzara eta borrokara batu dadin. Egun hauetan, Euskal Herriko lan-sektore eta lantoki gehiagotako langileak ere ari dira borrokan.