Desarmon-les atariak Frantziako Estatuan polizia-indarrek azken hamar hilabeteetan eraildako pertsonen zerrenda argitaratu du. Horrez gain, erailketa polizial horien testuinguruak zehaztu ditu: hamazazpi pertsona suzko armekin tirokatuak izan dira, horietatik hamahiru, "ibilgailu barruan autoritateari desobeditzeagatik". Beste bi lagunek, berriz, itota eta erorketa baten eraginez galdu dute bizia esku-hartze polizialetan, eta hildakoen artean hiru emakumeak ziren.
Argipen metodologiko modura, polizia-operazio batean zehar edo horren ondorioz hildako norbanakoak kokatu dituztela azaldu du atariak. Hau da, ez diete ekintzaren asmoei erreparatu, ondorioei baizik: "Poliziaren esku-hartzerik izan ez balitz hilko ez ziren pertsonen heriotza basatiak" aztertu dituzte, alegia.
Halaber, zerrendatik kanpo geratu dira poliziarekin izandako su gurutzatzeen erdian hildako pertsonak. Hori bai, arma zurien erabilera edota ibilgailuak gidatzea "poliziaren aurkako eraso armatuetatik kanpo" utzi dituzte, eta beraz, halako kasuak zerrendaren barruan egon daitezkeela azaldu dute. Era berean, suzko armak izan bai, baina erabili ez zituzten pertsonak ere kontuan hartu dituzte. Bestalde, zerbituz kanpo zeuden agenteen biktimak behaketatik kanpo utzi dituzte.
Hilketa polizialen arrazoi ohikoenak ondokoak izaten dira: itotzeko giltzak edota ahoz behera egindako plakatzeak, suzko armen erabilera, pistola elektrikoen edo gomazko bala-jaurtitzaileen erabilera nahiz jarraipenen ondoriozko istripuak.