ACTUALIDAD / Palestina
Flotillako bi kideren bahiketa igandera arte luzatu du Israelek
Saif Abukeshek eta Thiago de Avilak azken egunetan jasandako torturak salatu ditu Global Sumud Flotillak, eta berehala esku har dezatela eskatu die "nazioarteko komunitateari eta bere ordezkariei".
2026eko maiatzaren 5 - 13:36
Flotillako bi kideren bahiketa igandera arte luzatu du Israelek
— ARGAZKIA Global Sumud Flotilla (X)

Legez kontra bahiturik jarraituko dute Global Sumud Flotillako bi kidek, Thiago de Avila eta Saif Abukeshek, igandera arte gutxienez. Israelgo Estatuko indarrek aurreko asteazken gauean atxilotu zituzten haiek eta nazioarteko ontzidi humanitarioko 170 kide baino gehiago, eta gehienak Greziako kostaldera eraman bazituzten ere, Abukeshek (Katalunian bizi den palestinarra) eta de Avila (brasildarra) Palestina okupatura eraman zituzten militar sionistek. Ashkelongo Bake Epaitegitik igaroarazi zituztenean, maiatzaren 5era arte luzatu zieten atxiloaldia, eta epemuga pasatu den arren, ez dituzte askatuko momentuz: auzitegiak maiatzaren 10era atzeratu du haien bahiketa ilegala.

"Gure antolatzaileak legez kanpo bahitu dituzte nazioarteko uretan, jipoiak eta torturak jasan dituzte Greziako lurralde-uretan, eta indarrez eraman dituzte beren borondatearen aurka Palestina okupatura. Han, galdeketak, heriotza-mehatxuak, loa kentzea eta zabarkeria medikoa jasan dituzte", salatu du gaur bertan Global Sumud Flotillak, epaitegiaren erabakiaren berri izan bezain pronto. "Nazioarteko komunitateari eta bere ordezkariei" exijitu die berehala esku har dezatela, Saif eta Thiago aske utz ditzaten, palestinar bahitu guztiak ere aske gera daitezen, eta Palestinaren kontra gauzatzen ari den sarraskia eten dezan Israelek.

Asteazken gauean atxilotuak izan ziren pertsonek salatu zuten euren kide Saifi torturak egin zizkietela soldadu israeldarrek, bahitua izan bezain pronto. El País-en arabera, "gerra-garaian etsaiarekin kolaboratzea, agente atzerritar batekin harremanetan jartzea, antolakunde terrorista baten parte izatea eta mota horretako ente bati ondasunak transferitzea" leporatzen die estatu sionistak.