Global Sumud Flotillako bi kidek, Saif Abukeshek eta Thiago de Avila, Israelgo Estatuaren eskuetan jarraitzen dute oraindik. Asteazken gauean atxilotu zituzten, Gazara laguntza humanitarioa helarazteko asmoz itsasoratutako dozenaka ontziak blokeatu eta misioaren parte ziren 175 bat aktibista atxilotu baitzituzten indar israeldarrek. Gehienak Greziako kostaldera eraman eta aske utzi dituzte jada, baina ez da Abukeshek eta de Avilaren kasua: legez kontra, atxilo mantendu eta Palestina okupatura mugitu ditu Israelek, eta ez dago argi zer gertatuko den haiekin. Global Sumud Flotillak atzo bertan sare sozialen bidez salatu zuenez, bi militanteen atxiloaldia beste 48 orduz luzatu du estatu sionistak, maiatzaren 5era arte.
Brasilgoa da Thiago de Avila, eta Saif Abukeshek, berriz, Katalunian bizi da gaur egun. Flotillak azaldu du Kataluniako diasporako "figura nagusia" dela, eta atxiloaldian bertan zeuden lekukoek seinalatu dute "tortura sistematikoak" egin zizkiotela militar israeldarrek, hura bahiturik hartu bezain pronto. Hala dio Global Sumud Flotillak X-en zabaldutako mezuak: "Saif Abukeshek apirilaren 30ean bahitu zuten, Israelgo Okupazio Indarrek torturatu egin zuten ontzi militar israeldar batean, Greziako uretan, eta gero indarrez eraman zuten Shikmako espetxera (Ashkelon), Palestina okupatura". Atzo argitaratu zituzten bi atxilotuen lehenengo irudiak, Israelek atxilotu zituenetik: auzitegi israeldar batera eraman zituzten, Ashkelongo Bake Epaitegira zehazki, hamaika kameraren aurrean. Bertan luzatu zieten atxiloaldia beste bi egunez, eta Shikmako kartzelan daude une honetan: El País-en arabera, "gerra-garaian etsaiarekin kolaboratzea, agente atzerritar batekin harremanetan jartzea, antolakunde terrorista baten parte izatea eta mota horretako ente bati ondasunak transferitzea" leporatzen diete.

Larrialdiko dei bat egin du Global Sumud Flotillak, nazioartean presioa areagotu dadin, de Avila eta Abukeshek aske utz ditzatela exijitzeko. Hainbat iturrik baieztatu dutenez, gose-greban daude bi kideak, euren askatasuna exijitzeko. Preso jarraitzen duten bi kide bakarrak dira.
Ontzidiko kide batek, Alex Colstonek, X-en adierazi du gogor egin zutela protesta soldadu sionistek de Avila eta Abukeshek eraman zituztenean. "Gogorren borrokatu zuten pertsonak bereizi egin zituzten eta bakartutako bidalketa-kontainer batean kolpatu zituzten". Izan ere, misioko kide gehiagok salatu dituzte militar israeldarren tratu txarrak. Hala zehaztu du flotillak bere sare sozialetan: "Janari eta ur egokiak ukatu zitzaizkien. Nahita eta behin eta berriz urez bete ziren zoruetan lo egitera behartu zituzten. Armada bi partaide bahitzeko mugitu zenean, Saif Abukeshek (Espainia/jatorri palestinarra) eta Thiago Avila (Brasil), gure tripulazioak modu baketsuan eutsi zion eta erantzuna indarkeria hutsa izan zen. Parte-hartzaileak ukabilez kolpatu zituzten, ostikoz jo zieten eta eskuak bizkarrean lotuta zituztela eraman zituzten ontzigainetik. Sudur hautsiak, saihets pitzatuak eta kolpe odoltsuak jasan zituzten. Tiroak ere bota zituzten, kaosaren erdian".
Jose Manuel Albaresek, Espainiako Estatuko Kanpo ministroak, bi atxiloketak ilegalak direla adierazi zuen asteburuan. Espainiako Diputatuen Kongresuak ezohiko bilkura bat egingo du ostegun honetan, hainbat taldek eskatu baitiote Albaresi hitza har dezala, azken gertakarien harira.
