ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/15 12:14

Hordago-El Salto hedabideak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak kontratu bat sinatu berri du Guardian Defense & Homeland Security S.A. enpresa israeldarrarekin, "zorabio- eta distrakzio-granadak eramateko hornidura" erosteko. Azaroaren 11koa da erosketa, eta 3.569,5 euroko kontratu txiki batek zehazten du.


Segurtasun enpresa israeldarraren eta Ertzaintzaren arteko harremana ez da berria. Esate baterako, erakunde sionistak "suzko armei lotutako egoera errealetan" esku hartzeko trebatu izan ditu ertzainak zein mossoak. Hordago-El Salto-k bildutako datuen arabera, guztira, EAEko instituzioek 1.66 milioi euro baino gehiago eman dizkiete enpresa horri eta bere banatzaileei. Azken erosketaren inguruan, ordea, kontrataziorako eta gardentasunerako plataforma publikoek ez dute xehetasun askorik eskaintzen.


Masak izutzeko


Eskuliburu polizialen arabera, "ordena publikoa berrezartzeko" baliatzen dira granada zorabiagarriak. Haien efektuari dagokionez, eztanda egitean "hauts zuridun hodei bat" eta "zorabio-efektu handia" eragiten dute. "Masak izutzeko eta sakabanatzeko eraginkortasun handia" dutela ziurtatzen dute eskuliburuek, bai eta "jendetzak hartutako espazioak husteko edo zenbait hiri- zein landa-eremutan lurra berreskuratzeko" aproposak direla ere.


Ezkutuko hilgarritasuna

Eskubide zibilen aldeko erakunde ugarik "ezkutuko hilgarritasuna" izatea nahiz bestelako albo-kalte larriak eragitea egotzi izan diote material horri, lehertzen denean askatzen dituen argi-boladen zein gasen ondorioz. Kanadan, esate baterako, poliziak ikasle bat itsu utzi zuen 2012an, halako granada bat bertatik bertara jaurti ostean.

ProPublica-k 2015ean argitaratutako ikerketa batean, berriz, granada zorabiagarriek "zauri larriak eta heriotzak" eragindako 50 kasu baino gehiago ageri dira, AEBetan 2000. urtetik aurrera izandako esku-hartze polizialetan, hain zuzen.

Biztanleria zibilarekin probak

Palestinaren aldeko erakundeek Hordago-El Salto-ri kontatu diotenez, Guardian Defense & Homeland Security enpresaren materialak "borrokan probatua" izanaren bermea dauka; hau da, "lurralde palestinarren okupazioari eta biztanleria zibilaren aurkako etengabeko erasoei esker, haien materialak gizakien aurka probatu eta garatu dituzte".

Negu beroa

Granadak bere horretan aurretik erosi bazituzten ere, oraindik ezezaguna da Eusko Jaurlaritzak zenbat zorro erosi dituen agenteak material horrekin hornitu ahal izateko. Nahiago izan dute hornituko dituzte polizia-indarrak zeintzuk izango diren ere ez zehaztu.

Halere, gauza jakina da kale-edanaren harira sortutako istiluek, lan-gatazkek edota bestelako tentsio sozialen perspektibak ordena publikoaren inguruko kezka piztu dutela Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean. Alderdi politikoak, udal gobernuak zein sindikatu polizialak bat datoz auzi horiei dagokienez: "irmotasun poliziala" beharrezkotzat jotzen dute.

NO HAY COMENTARIOS