ACTUALIDAD / Reformas
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "iruzurtzat" jo du Espainiako Gobernuaren pentsioen erreforma
Pentsioak %2,5 igotzea ez dator bat KPIaren %5,5eko igoerarekin, astelehen honetako elkarretaratzeetan salatu dutenez. "Nazkatuta gaude bete gabeko hitzemate eta konpromisoez, pentsio zein soldaten erosahalmena murriztu eta pobretzea eragiten baitute", adierazi dute pentsiodunek. Gauzak horrela, otsailaren 12an mobilizazioa egingo dute Bilbon.
2022eko otsailaren 1
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "iruzurtzat" jo du Espainiako Gobernuaren pentsioen erreforma

"Iruzurtzat" jo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Espainiako Gobernuak esku artean duen pentsioen erreforma. Izan ere, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) eta pentsioen artean dagoen hiru puntuko desorekak haientzako "diru-galera" bat dakarrela ziurtatu dute.

Gauzak horrela, astelehen honetan ere mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hainbat txokotan. "Gezurra esatea" egozten diote Espainiako Gobernuari, izan ere, abenduaren 28an onartutako legeak "bizitzaren garestitzea gelditzea" eta "pentsio publikoen sistemaren jasangarritasuna bermatzea" helburu duela esan izan du PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak.

KPIa auzitan

Gainera, pentsiodunen plataformak aditzera eman duenez, Pedro Sanchezen gobernuak azkenaldian KPIaren inguruan eman dituen zifrak "faltsuak" lirateke. Hain zuzen ere, kalkulu horretatik kanporatzen dira langileen erosketa-saskian zuzenean eragiten duten hainbat produkturen prezioak.

Mobilizazioak

Ondorioz, otsailaren 12an Bilbon (Bizkaia) mobilizatzeko deia luzatu du plataformak, "pentsioen zein soldaten erosahalmena murrizteaz eta pobretzea eragiten duten bete gabeko hitzemateez nazkatuta".