ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/12 13:22

Palestinarekin Elkartasuna plataformak ikertu egin du zeintzuk diren Euskal Herrian Israelgo Estatuarekin harremanak dituzten agente nagusietako batzuk. Besteren artean, sionistekin mantentzen diren harreman komertzialak, diplomatikoak edo militarrak aztertu ditu, eta txosten batean jaso ditu emaitza nagusiak. Azterketa horretako ondorioak jendaurrean azaldu ditu dagoeneko, aurreko astean egin baitzituen aurkezpen-saio batzuk.

Israel ere hemen hasten da. Sionismoarekiko harremanak Euskal Herrian izena jarri diote txostenari, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte aurkezpenak aurreko astean zehar; Bilboko (Bizkaia) 7Katu Gaztetxean, Donostiako (Gipuzkoa) Egiako Kultur Etxean, Iruñeko (Nafarroa) Plazaran eta Gasteizko (Araba) Eva Forest Liburutopian, hain justu. Azterlanaren helburu nagusia izan da, Palestinarekin Elkartasunak argitu duenez, "Euskal Herrian Israelekin dauden harremanak biltzea, baita azaroan abian jarri genuen kanpainak [Israel desegitera bidean, harreman oro eten] laburbiltzen duen proposamen politikoa indartzea ere".

"Txostenaren ondorioetako bat da Euskal Herritik modu askotan hornitzen, finantzatzen eta legitimatzen dela Israel", aurreratu du: "Israelen konplizeei buruz hitz egitean, enpresa multinazionaletan jartzen da arreta, entitate sionista nabarmen indartzen baitute; baina gure inguruan ere baditugu enpresak, erakundeak eta beste eragile batzuk, Israelekin harremanak dituztenak eta haien existentziari esker irabaziak lortzen dituztenak". Horiek horrela, azaroan martxan jarritako kanpainan behin eta berriz azpimarratu duten gisara, aldarri argi bat egin du plataformak: "Hemendik egin dezakegun ekarpen nagusietako bat Israel indartzen duten harremanen eta eragileen aurka borrokatzea da".

Manifestazioa larunbat honetan

Nakbaren 77. urteurrenaren harira, Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazional bat antolatu du larunbat honetarako, maiatzaren 17rako. Iruñean (Nafarroa) izango da, 12:30ean Golem Baionatik abiatuta. Besteak beste, sionistekin harreman oro etetera deituko dute mobilizazioan.

NO HAY COMENTARIOS