ACTUALIDAD / Represión
Espainiako Poliziaren karga bortitzak Sadarren: bi zauritu, haietako bat konorterik gabe
Zale bat identifikatzeko aitzakiarekin kargatu dute poliziek, bai estadio barruan bai kanpoan. Gutxienez bi atxilotu izan dira.
2026eko otsailaren 22
Espainiako Poliziaren karga bortitzak Sadarren: bi zauritu, haietako bat konorterik gabe
— ARGAZKIA X-tik hartutakoa

Espainiako Poliziak izua zabaldu du gaur Iruñeko (Nafarroa) Sadar futbol-estadioan. Osasunaren eta Madrilen arteko partidaren ondoren izan da: zelaira botila bat bota izana leporatuta, zale bat identifikatzen saiatu dira segurtasun-indarretako agenteak, konfrontazioa sortuz. Osasunako zaletuen kontra izugarrizko biolentziaz kargatu du orduan Espainiako Poliziak, sare sozialetan zabaldu diren irudiek erakusten duten modura.

Estadio barruan kargatu dute lehenengo, Hego Harmailan. Poliziek borra-kolpeka jo dute zaleen aurka, eta segurtasun-indarretako agenteekin besoz beso aritu dira. Gutxienez bi lagun atxilotu dituzte eta beste bi zauritu dituzte, pertsona bat konorterik gabe utziz: badirudi buruarekin jo duela lurraren aurka poliziengandik ihesi ari zela, eta korderik gabe geratu da.

Sadar kanpoan ere izan dira kargak gero. Espainiako Poliziako agenteak Osasunako zaleen kontra oldartu dira kalean, bertan ere ikara zabalduz: poliziak eta furgoiak abiadura bizian, tiro hotsak eta sirenak. Klubak esan du barne-ikerketa bat abiatuko duela gertakariak argitzeko.