ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/16 12:05

Atzo Vila-realen jokatu zuen Realak, eta haraino mugitu ziren hainbat zaletu, futbol partida ikusteko. Norgehiagoka baino ordu batzuk lehenago, taberna baten kanpoaldean elkartu ziren Bultzada taldeko hainbat zaletu eta haien ingurukoak, trago bat hartzeko. Dena den, Espainiako Polizia bertaratu zen bat-batean; zenbait polizia-agente joan ziren hasieran, baina gero eta gehiago hurbildu ziren. Hori ikusita, bidaia antolatu zuten pertsonak identifikatu egin ziren polizien aurrean.

"Joan zaitezte popatik hartzera" esanez erantzun zuen polizietako batek, eta zaletuetako batek azalpenak eskatzean, gogor oldartu ziren agenteak. Hori izan zen poliziaren aurreneko karga; haurrak ere baziren tabernaren kanpoaldean.

Beranduago, eta sare sozialetan zabaltzen ari diren irudietan ikus daitekeenez, futbol estadiotik gertu dagoen kale estu batean egin zuen Bultzadako zaletuen aurka Espainiako Poliziak. Hainbat lagun inguratu eta jipoitu zituzten, baita lurrean zirenean ere. "Euskaldun putak, orain ez duzue hainbeste potrorik" bezalakoak entzun zituztela azaldu dute han zeudenek.

Zenbait pertsona zauritu zituzten poliziek, eta ospitalera eraman behar izan zituzten hainbat. Besteak beste, traumatismoengatik eta buruko zauri irekiengatik artatu zituzten, eta zaleturen bati besoa hautsi ziotela ere jakinarazi dute.

Horretaz gain, hiru zaletu atxilo eraman zituen Espainiako Poliziak. Askok erabaki zuten estadiora ez sartzea eta futbol partida ez ikustea, horretarako, berriro igaro behar baitzuten polizia-agenteen aurretik.

NO HAY COMENTARIOS