Espainiako Poliziako zuzendariak, Francisco Pardok, hurrengo lau urteetan 2.800 taser pistola erosiko dituela hitzeman zuen astelehenean, urriaren 14an. Z ibilgailu guztiek, alegia, Espainiako Poliziaren patruila-auto denek, pistolak horiek edukiko dituzte. Ertzaintzak edota Nafarroako Foruzaingoak erositako sistemek bezala, kamera izango dute arma elektriko berriek.
Pardok adierazi duenez, gutxinaka erosiko dituzte pistola guztiak. 2028ra bitartean, 700 pistolako erosketak egingo dituzte urtean. Hori ez ezik, 30.332 borra luzagarri eskuratuko ditu polizia-indarrak, eta balen kontrako 24.000 txalekoren erosketaren berri ere eman dute. Osotara 20,5 milioi euro xahutuko ditu gobernuak Espainiako Polizia gehiago armatzen, eta argitu dute, gainera, abian direla ibilgailuak zein azpiegitura "modernizatzeko" hainbat proiektu.
Arma horrek abisu-deskarga bisual bat eragiten du lehenengo, eta zenbait segundoko deskarga elektriko bat sortzen du gero, 50.000 voltiorainoko indarrarekin: bulkadek nerbio-seinaleak oztopatzen dituzte, eta ezgaitu egiten dute pistolarekin erasotutako pertsona.
Arma "ez hilgarria", polizien arabera
Pardok dio arma "ez hilgarria" direla taser pistolak, baina arriskua agerikoa da. Kataluniako mossoak, esaterako, 2018an hasi ziren pistola elektrikoak erabiltzen, eta, 2023ko otsailera bitartean, gutxienez 189 aldiz erabili zituzten. 2021ean, taser pistola baten tiroak jaso zituen gizon batek Badalonan, eta bertan hil zen.
Gizonezko horrek bere familia atxikirik hartu zuen etxean, eta labanarekin mehatxatu zituen. Ez ziren ez medikuak ez psikologoak bertaratu: mossoak besterik ez ziren joan. Etxera indarrez sartu eta 38 urteko gizona sei aldiz tirokatu zutenean, hil egin zuten. Bartzelonako Auzitegiak esan zuen polizien jarduna "protokoloarekin bat etorri" zela.
Euskal Herrian ere pertsona bat hil du aurten Ertzaintzak, itxura denez, taser pistolak tarteko. Agerraldi psikotiko bat izan zuen Astigarragan (Gipuzkoa) 36 urteko pertsona batek, eta bizia galdu zuen Ertzaintzaren BIZKOR unitateen esku-hartze bortitz batean.
Gertakarien nondik norakoak ez dituzte argitu agintaritzek, baina hildakoaren gorpuak hamaika kolpe zituen besoan, buruan eta bizkarrean; eta, hori ez ezik, taser pistolenak ziruditen markak ere ikus zitezkeen. Autopsian ez zuten zehaztu zerk eragin zuen Eneko Valdésen heriotza.
Taser pistolak zabaltzen ari dira
Polizia-indar ugari ari dira taser pistola berriak eskuratzen. Nafarroan guardia zibilek berriki jaso dituzte arma elektrikoak, baita beste hainbat lurraldetan ere. Espainiako Estatu mailan, Guardia Zibilak 150 taser pistola erosi zituen duela bi urte, eta beste 240 erosi zituen iaz. Otsailean, gainera, beste 960 arma erosteko asmoa adierazi zuen Espainiako Barne Ministerioak.
Nafarroako Foruzaingoak, bestalde, 150 pistola elektriko erosi zituen irailean. Zehazki, "Herritarren Segurtasunaz" arduratzen diren foruzainei emango omen dizkiete arma horiek. Nafarroako hainbat herritako udaltzaingoek ere taser pistolak lortu dituzte, besteak beste, Azkoien, Cascante, Corella eta Iruñekoak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan ere eman dizkiete taser pistolak udaltzainei tokian tokiko gobernuek; hala nola, Gasteizen, Basaurin, Santurtzin eta Sestaon. Donostian, Barakaldon, Durangon eta Trapagaranen ere aurki egingo dute berdina, antza.