ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Diario
2022/05/30 11:16

Espainiako Estatuko maizterren %48,7 pobrezia edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan zeuden 2020an, Espainiako Bankuaren azken txostenaren arabera. Europar Batasuneko (EB) ehuneko handiena da, gainontzeko estatukideen sasoi hartako batez bestekoa %32,3koa baita

Gutxienez zalantzagarria da Espainiako Gobernuak bultzatutako Etxebizitza Lege berriaren eraginkortasuna, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren zein euren ildoko komunikabideen lotsarako. "Kolektibo kaltetuenen artean etxebizitza eskuratzeko zailtasunak murriztea edo ezabatzea" omen da legearen helburu nagusia; "errealitatea oso bestelakoa da, ordea", aitortzen du El País egunkariak berak Espainiako Bankuak eguneratutako estatistikei begira.

—Ikusi behean txertatutako 1. grafikoa—

Soldataren harrapaketa

Datu konkretuagoei erreparatu ahala, are gehiago tenkatzen da etxebizitzaren auzia Espainiako Estatuan. Izan ere, alokairuan bizi direnen %35,9k, heren batek baino gehiagok, euren hileko diru-sarreren %40 baino gehiago bideratzen dute alokairua ordaintzera; EBko batez bestekoa baino hamar puntu portzentual gehiago, alegia.

Hori gutxi balitz, maizterren %13,7k beren errentaren %75etik gora xahutzen zuten alokairua ordaintzen. Argitaratutako zifra horiek 2020koak direnez, egungo egoera "are okerragoa" izan daitekeela ondorioztatzen du Espainiako Bankuaren ikerketak Eurostaten datuetan oinarrituta, azken bi urteotako atzeraldi ekonomikoa tarteko.

—Ikusi behean txertatutako 2. grafikoa—

Inflazio-faktorea

COVID-19az geroztik ezarri ziren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek (ABEE) nahiz iazko udatik honako inflazioak kinka larrian jarri du langile klaseko familia ugariren erosahalmena. Joan den martxoan, adibidez, %9,8raino iritsi zen Kontsumorako Prezioen Indizearen urte arteko aldakuntza-tasa. Indize horrek, gainera, kalkulutik kanpo uzten du alokairuaren prezioa; maizter askok, aipatu bezala, euren errentaren %40 baino gehiago horretara bideratzen duten arren.

Tiroa kulatatik

Etxebizitza Legean aurreikusten diren neurriek "are gehiago" okerragotu dezakete familien ekonomia. Espainiako Bankuak Pedro Sanchezen gobernuari ohartarazi dionez, alokairuen prezioen kontrolerako politikak "araututako segmentuetan" eta "epe laburrean" baino ezin daitezke eraginkorrak izan. Inolako erregulaziorik ez duten merkatu-ataletan alokairuen prezioen igoera eragin dezaketela azaldu du Espainiako Bankuak.

Denborari dagokionez, "eskaintza uzkurtzea" edota "merkatuan jarritako higiezinen mantentze falta" iragarri du epe luzerako.

Salmentak gora

Etxebizitzak balio-gordailu funtzio nabarmena jokatzen du krisi garaian. Izan ere, gizarte-arrakalaren beste aldean, etxejabeek abiadura bizian espekulatzen jarraitzen dutela adierazten dute datuek. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako azken zifrei jarraiki, martxoan 59.272 etxebizitza salerosketa gauzatu ziren Espainiako Estatuan, 2008ko urtarrilaz geroztik erregistraturiko markarik altuena.

—Ikusi behean txertatutako 3. grafikoa—

INEren iazko martxoko datuekin alderatuta, %25,6 igo dira salmentak. Izatez, hamahiru hilabetez jarraian hazi da etxebizitzen salerosketa; gehienbat, bigarren eskuko higiezinen merkatuko transakzioek bultzatuta, %30 inguruko hazkundearekin. Etxebizitza berriek, aldiz, %15,7ko igoera izan dute.

Guztira, erabilitako etxebizitzen 47.762 salerosketa zenbatu ziren, 2007ko urtarriletik erregistratutako kopururik handiena. 11.510 etxe berri saldu ziren orotara, 2014ko urtarrileko zifrak gaindituta. Azken horrek ere urtebetetik gorako igoera jarraikorra izan du, hamazazpi hilabetekoa, hain zuzen ere.

Jabeak

INEren arabera, martxoan erregistratutako etxebizitza-salerosketa guztietatik, pertsona fisikoen artekoak izan ziren hamarretik zazpi (% 69,2), eta %30,8 baino ez dagozkie pertsona juridikoen edo enpresen artekoei.

NO HAY COMENTARIOS