ACTUALIDAD / Violencia policial
Espainiako Barne Ministerioak 60.000 gomazko bala erosi ditu Poliziarentzat
Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren armategia indartuko du Fernando Grande Marlaskaren ministerioak. Errepresiorako materiala kentzearen aurka azaldu dira polizia-elkarteak Mozal Legearen balizko erreformen aurrean, "galera operatiboa ekarriko lukeelako". Espainiako Estatuan indar polizialek jaurtitako pilotakadek hamasei hildako eta 26 zauritu larri baino gehiago utzi dituzte azken bi hamarkadetan.
2022eko irailaren 14
Espainiako Barne Ministerioak 60.000 gomazko bala erosi ditu Poliziarentzat
— ARGAZKIA GEDAR LANGILE KAZETA
Mozal Legea moldatzea Espainiako Kongresuan eztabaidagai den honetan.

Polizia-elkarteak errepresiorako tresneria murriztearen aurka agertu dira dagoeneko, kaleko istiluei aurre egiterakoan "galera operatiboa" izango litzatekeela iritzita. Iridia giza eskubideen aldeko Kataluniako elkartearen 2021eko ekaineko txostenaren arabera, 2000. eta 2020. urteen artean 26 lagunek jasan dituzte zauri larriak poliziek jaurtitako gomazko piloten inpaktu zuzenen ondorioz. Horietako bat, Iñigo Cabacas, Ertzaintzak buruan emandako pilotakadaren ondorioz hil zen. Beste hamabostek organoren bat galdu zuten; begi-globoa, gehienek.

Horrez gain, ez da ahaztu behar 2014ko otsailaren 6an Guardia Zibilak hamabost pertsona migratzaile ito zituela Ceutako Tarajal hondartzan, Maroko eta hiri autonomoa bereizten dituen dikea igerian gurutzatzen saiatzen ari zirela. Guardia Zibileko 56 agentek 145 pilotakada eta bost ke-pote jaurti zizkieten, igerian ari ziren bitartean.


Ezkerraren antzerkia

Podemos, ERC eta EH Bildu barne-oposizioaren antzezlana egiten ari dira beste behin. "Herritar segurtasunari buruzko legea" erreformatzeko Espainiako Kongresuan izaten ari den negoziaketaren parte dira inbestidura-bazkideak, eta aipatutako ezkerreko alderdiek Mozal Legea-ren moldaketa ez babestearekin mehatxatzen omen dute PSOE, baldin eta gomazko piloten indartzea atzera botatzen ez bada. Kontua da, baina, Podemosi, ERC-ri eta EH Bilduri PSOEri berari baino gehiago interesatzen zaiela Mozal Legea aldatzea.

Gainera, Marlaskak eta enparauek neurriarekin aurrera jarraituko balute ere, zentsura-mozioaren mehatxurik gabe hartuko luketen enegarren neurri atzerakoia litzateke. Itxurak itxura, Podemosek, ERC-k eta EH Bilduk ez dute Sanchez Moncloan sostengatzea ez den beste planik, ezta inolako baldintzarik ezartzen ere.