ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/04 11:53

Azken hilabeteetan, gutxienez zazpi pertsona zauritu ditu Ertzaintzak foam jaurtigaiekin jota: hiru Donostian (Gipuzkoa) Realaren partida baten aurretik, bat Gasteizen (Araba) Martxoaren 3ko manifestazioan, eta beste hiru Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan. Bestelako polizia-kargetan, baina, askoz ere pertsona gehiago zauritu dituzte ertzainek, besteak beste, borra-kolpeka oldartuta: hala gertatu zen Gasteizen bertan Martxoaren 3aren urteurrenean, edota aurreko asteburuan hiri berdinean, emantzipatzeko ezintasunaren kontrako protesta-ekintza batean; hainbat eta hainbat gazteri bortizki eraso egin zien Ertzaintzak.

Hori gutxi balitz, aurreko hilean atera zen argitara Eneko Valdésen heriotza: joan den otsailean hil zen Astigarragan (Gipuzkoa), agerraldi psikotiko bat zela-eta, Ertzaintzak modu bortitzean eta indarrez esku hartu zuenean. Poliziak Enekori eragindako askotariko lesioak erakusten dituzte autopsiak eta irudiek, eta bere senideekin harremanetan izan diren adituen esanetan, taser pistolak ere erabili zituzten ertzainek astigarragarraren kontra.

Taser pistolen erabilera, gora

Ahoztar Zelaietak Hordago atarian azaldu duenez, 2021ean, Ertzaintzaren Bilboko (Bizkaia) komisaria batean izan ostean, taser pistolen erabilerari buruzko txosten bat eskatu zuen Angel Gabilondo Arartekoak. Erabilera horren barruan sartu zituen ondoko kasuak, esaterako: arma hori bere zorrotik atera izana "disuasio-izaerarekin" eta "gailua aktibatu" izana, "ohartarazpen-arkuaren etengailua" erabili izana, edota norbaiten kontra zuzenean tiro egin izana. Horrekin batera, galdetu zuen ea tirokatutako pertsona horiek osasun-etxe batera eraman ote zituzten, mediku batek miatu zitzan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erantzun zuen Brigada Mugikorra izan dela taser pistolez baliatu den bakarra, eta esku-hartze guztiak grabatu dituela bideoz. Esan zuen arma horren erabilerak gora egin zuela 2018tik 2022ra bitartean, lau urteko epean: ertzainek bi aldiz erabili omen zituzten taser armak 2018an, eta hamabi aldiz 2022an. Datu ofizial horien arabera, 2019an bost aldiz erabili zituzten, 2020an sei aldiz eta 2021ean zazpi aldiz.

Segurtasun Sailak Arartekoari esan zion pistolekin tirokatutako pertsona guztiei egin dietela gero mediku-txosten bat. Dena den, taser armen erabilera arautzen duen 011 Agindu Operatiboak jasotzen duenez, pistola horiekin tirokatuko dituzten pertsonei ohartarazpen bat egin behar die Ertzaintzak, unean bertan: arma horien presentziaren eta erabilera posiblearen berri eman behar omen die esku-hartzean. Arartekoak adierazi zuen, baina, jasota geratu dela ertzainek ez dutela hala jokatu hainbat kasutan.

Protokoloak eta isiltasuna

Taser pistolei buruzko protokoloari buruz ere jardun du Hordago-n Zelaietak. Arma horren erabilera arautzeko, foam jaurtigaiak saltzen dizkion hornitzaile baten txostena hartu omen zuen oinarritzat Segurtasun Sailak: Andreu Soler i Associats enpresak egindako txosten bat, hain zuzen ere. Idatzi hori, baina, sekretupean mantendu zuten.

Ter García kazetariak joan den urtarrilean salatu zuen Jaurlaritza informazioa ezkutatzen ari zela, taser pistolen erabilera arautzeko protokoloari buruz. Hordago-k plazaratu duenez, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak 2023ko irailean ebatzi zuen "arriskutsua" zela Ertzaintzaren "jarduteko prozedura" horiei buruzko informazioa argitaratzea, "agenteen esku-hartzeen eraginkortasunari" begira.

50.000 eurotik gorako erosketak

2017an, Taser X26 modeloko pistolen aurreneko erosketa bat egin zuen Segurtasun Sailak, horretara 50.687 euro bideratuta. Zelaietaren arabera, gainera, Telefónica enpresak kamera txiki batzuk txertatuta dituen hamasei pistola saldu zizkion Jaurlaritzari aurreko urtean. Arma horiek Taser X7 modelokoak dira.

NO HAY COMENTARIOS