Otsailean, azken unean atzeratu zuten Raimundo El Canastero musika-taldearen aurkako epaiketa. Beef D'Alda protesta-abestiaren letrengatik auzipetu zituzten taldeko hainbat kide, eta azkenean atzo izan zen judizioa, Lizarran (Nafarroa). 09:00etan hasi zen saioa, eta beti bezala, gertuko pertsonen babesa izan zuten auzipetuek epaitegira sartzean.
Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuen epaitutako bost lagunetatik birentzat, ondorioztatuta haiek ez zutela seinalatutako kanta sortu. Gainerako hirurei, baina, abestia sortzea egotzi zien, eta isuna eskatu zuen haientzat, "agintaritzari irainak egitea" leporatuta. Hilabete eta erdiko zigor ekonomikoa galdegin zuen, egunean zortzi euroko kantitatearekin. Akusazio partikularrak, bestalde, bost auzipetuak zigor ditzatela eskatu zuen.
Raimundo El Canasterok iaz sortu zuen Beef D'Alda kanta, Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekua eta bere jarrera autoritarioa salatzeko. Horregatik auzipetu zituzten taldeko hainbat musikari, eta Marta Ruiz de Alda alkateak (UPN) eskatu zuen, gainera, "gorrotoa sustatzeagatik" zigortu zitzatela.
Kritika politikoaren legitimitatea
Auzipetutako kideetako batek GEDAR LANGILE KAZETAri nabarmendu dionez, "txosnen debekuari lotutako kritika politiko bat esparru artistikora eramateagatik" epaitu dituzte: "Akusazioak gure letrak moldatu ditu, eta beraiek erabaki nahi izan dute zein zen gure intentzioa". Hala, Raimundo El Canasterok kantaren "tonu ironikoa" defendatu du prozesuan zehar, eta adierazpen-askatasuna eta kririka politikoaren legitimitatea aldarrikatu ditu.