ACTUALIDAD / Política institucional
EAJko zinegotzi batek Aian eraikitako txaleta eraitsi dezatela agindu du Gorenak
11 logela eta 11 bainugela ditu Zarauzko EAJko Maite Garrastazuren txaletak, eta Auzitegi Gorenak ebatzi du urbanizaezina den eremu batean eta jatorrizko baserriaren ezaugarriak errespetatu gabe eraiki zutela. Atzera bota ditu politikari ohiaren eta Aiako Udalaren (EAJ) helegiteak.
2026eko uztailaren 15 - 08:14
EAJko zinegotzi batek Aian eraikitako txaleta eraitsi dezatela agindu du Gorenak
— ARGAZKIA SOS Talaimendi

EAEko Auzitegi Nagusiak 2025ean igorritako ebazpenarekin bat eginez, Aiako (Gipuzkoa) lurretan kokatutako Amezti etxea eraitsi behar dela baieztatu du Espainiako Auzitegi Gorenak, atzera bota baititu txaletaren sustatzaileek eta Aiako Udalak (EAJ) aurkeztutako kasazio-helegiteak. 2015ean abiatutako prozesu judizialean mugarri bat jar dezake Gorenaren irizpenak, bide egin baitio Zarauzko (Gipuzkoa) EAJko zinegotzi ohi batena den txaleta eraisteari.

Zehazki, Maite Garrastazurena da duela hamarkada bat baino gehiago eraikitako etxe erraldoia, eta 11 logela eta beste hainbeste bainugela ditu. Aire-kiroletako Gipuzkoako Federazioak ekin zion eraikuntzaren kontrako kexak aurkezteari: Donostiako (Gipuzkoa) epaileek hainbatetan babestu zuten txaleta, baina hura botatzearen alde agertu zen gerora EAEko Auzitegi Nagusia. Gorenak ere berdina esan du aurten; alegia, txaleta eraitsi egin behar dela, iritzita urbanizaezina den eremu batean eraiki zutela eta ez zituztela jatorrizko etxearen ezaugarriak errespetatu.

Badirudi, dena den, txaleta mantentzearen alde egiten jarraituko duela Aiako Udalak, EAJren eskuetan dagoena. Gorenaz gain, EAEko Auzitegian ere jarri zituzten kasazio-helegiteak bai udalak bai Garrastazutarrek. Epaitegiek txaleta botatzeko agindua ematen badute, Aiako Udalaren eta Garrastazu familiaren gain geldituko da eremua lehengoratzeko lanen kostua.