Administrazio publikoek ekainaren 1erako erabaki behar dute zenbat lanpostu finko eskainiko dituzten beren eskumeneko arloetan. Eusko Jaurlaritzak, antza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko langileen laurdena baino ez du egonkortze-prozesuan barne hartuko. ELA sindikatuaren esanetan, gaur egun behin-behineko 46.000 behargin baino gehiago dira Eusko Jaurlaritzaren mendeko sektore publikoan, eta 33.125 utziko dituzte egonkortze-prozesutik kanpo. Hortaz, 13.000 langile inguruk besterik ez dute lanpostu finkorik izango; gainontzeko guztiek behin-behineko lan-kontratuak izango dituzte.
Osasun-sistema
publikoan, Osakidetzan, behin-behineko langileen %85 utziko ditu
Jaurlaritzak egonkortze-prozesutik kanpo. Hezkuntzan beharginen %70ek
jarraituko dute behin-behineko kontratuekin, eta administrazioan, %20ek.
Justizia arloan %60ek segituko dute aldi baterako langile gisara, eta
elkarte publikoetan, %70ek.