ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/26 16:49

Disport Eki enpresaren zigorren kontra, klase-elkartasuna aldarrikatu dute gaur Gasteizen (Araba). Izan ere, Gasteizko Udalak azpikontratatutako enpresak langile bat kaleratu du, "ez-ordaintzeen eta lan-baldintza penagarrien aurka borrokatzeagatik", Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) jakinarazi duenez. Hala, LASek deituta, protesta bat egin dute gaur eguerdian, Lakua 03 Gizarte Etxe aurrean. Bertan egiten zuen lan kaleratutako beharginak.

Kontzentrazioaren bidez, askatasun sindikalak defendatzeaz gain, exijentzia argi bat egin diete udalari eta hark azpikontratatutako Disport Ekiri: kanporatutako langilea berriz har dezatela.

Gasteizko zentro zibikoetako kirol-jardueraz arduratzen da Disport, eta 150 langile inguru ditu kontratatuta. Baldintza guztiz prekarioak ezartzeaz gain, 2022tik hona, enpresa etengabe atzeratu da beharginei euren soldatak ordaintzean. Hala, denbora luzez darama borrokan plantillak.

Disporteko langileak jasaten ari direnari lotuta, udal-azpikontraten jarduna ere salatu du LASek azken hilabeteetan: "Langileon lan-baldintzak prekarizatzen dituzte, gure defentsarako gaitasuna murrizten dute enpresa ezberdinetan sakabanatuz, eta udal-zerbitzuak okertzen dituzte, enpresa gutxi batzuk diru publikoarekin aberasten diren bitartean".

NO HAY COMENTARIOS