Ekipo informatikoen salmentaz zein mantenuaz arduratzen da Conasa;
besteak beste, Nafarroako Gobernuak azpikontratatzen du enpresa horren
zerbitzua. Urriaren 25etik 28ra egin zituzten lehen lanuzteak Conasako
langileek, orduan salatu zutenez, "lan-hitzarmen okerrago bat
aplikatzeko esku-hartze bat" egin baitzuen gobernuak.
2021ean, Nafarroako administrazioaren euskarri informatikoaren ardura esleitzeko lehiaketa publiko bat abiatu zuen Nafarroako Gobernuak. Beste behin lehiaketa Conasak irabazi zuen arren, kontratua ekonomikoki errentagarria ez zela argudiatuz arbuiatu zuen enpresak. Hala, beste lehiaketa publiko bat jarri zuen martxan gobernuak, baina baldintza-agiria aldatu zuen: Espainiako Estatu mailako lan-hitzarmena aplikatzea beharrezkotzat jo zuen, langile azpikontratatuen lan-baldintzak okerragotuz.
Horri guztiari aurre egiteko ekin zioten grebari Conasako langileek, eta %70eko erantzuna izan zuten urriko lanuzteek, sindikatuen arabera. Hala ere, salatu dute ez dela aldatu zuzendaritzaren "borondate politikoa" eta, hortaz, grebari ekingo diote berriro hilabete honetan. Azaroaren 7tik 11ra egingo dituzte lanuzteak, hain zuzen ere.