ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Twiterretik hartutakoa
2022/12/15 09:43

2020. urte hasieran, joko areto berri bat ireki zuten Burgosko Gamonal auzoan: C4sino Avenida. Protestak izan ziren horren harira, eta horietan parte hartu zuten bost pertsona auzipetu zituzten. Halako lokalen irekierak eta halako negozioek "auzoentzat eta langile klaseentzat dituzten eraginak" salatzeko izan ziren mobilizazioak, akusatuen defentsaren esanetan. Orain, ia hiru urte beranduago, epaiketa egingo diete protestetan izan ziren bost lagun horiei.

Joko aretoaren jabeak zigor altuak eskatu ditu haientzat: hiru urteko kartzela-zigorrak mehatxuengatik eta beste bi urteko zigorrak hertsapenengatik, bakoitzarentzat. Bestalde, ia 30.000 euroko kalte-ordain ekonomikoak galdegin ditu; besteak beste, "kalte moralengatik". Abenduaren 20an hasiko da epaiketa, eta auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratze batera deitu dute egun horretarako. 09:00etan izango da kontzentrazioa, Burgosko epaitegien aurrean.

El Salto atariak jakinarazi duenez, Estación 40SL enpresaren parte da C4sinos Salones de Juego. Gutxienez bederatzi joko areto ditu Gaztela eta Leonen.

"Argi eta garbi dago epaiketa hori autoritarismoa areagotzeko eta eskubide politikoak ezabatzeko prozesu orokor baten barruan dagoela, krisi-egoerarekin lotuta", salatu du Burgosko Gazte Zentro Sozialistak: "Askatasun politikoen aurkako eraso zuzen horren aurrean, funtsezkoa da egoera hori salatzea eta eskubideen murrizketaren aurka borrokatzea, antolaketa politiko independente bat garatu ahal izateko baldintza baita". Urrian aurkeztu zuten Burgosko Zentro Sozialista.

NO HAY COMENTARIOS