ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/09 12:56

Agerraldi bat egin zuten atzo Gasteizko (Araba) udal-rokodromoetako langileek, udalak azpikontratatutako Prisma Global enpresaren partetik pairatzen ari diren gehiegikerien berri emateko. Izan ere, beharginek ez dituzte oraindik kobratu abuztuko eta iraileko soldatak, eta atzerapenak "sistematikoak" direla jakinarazi dute: "Joan den denboraldian, langile batzuei hitzarmen kolektiboak ezarritako epetik kanpo ordaindu zieten zazpi hilabetez".

Horrez gain, salatu dute enpresaren "arduragabekeria" jasaten dutela "segurtasun eta arriskuen prebentzioari" lotuta. Lanerako babes-materiala behar dute beharginek, adibidez altuera-lanak egiteko edo instalazioen garbiketan produktu toxikoak erabiltzeko, baina horien falta ohikoa da; edo duten material eskasari ez zaio inolako berrikuspenik egiten. Bestalde, "lanpostuak dakartzan arriskuei buruzko formakuntza falta" ere nabarmendu du plantillak. Aurreko denboraldian eman zieten enpresari arazo horien berri, baina momentuz ez dute erantzunik jaso.

Horri lotuta, rokodromo batean behargin batek izandako lan-istripua ekarri dute gogora: 7-8 metro inguruko altueratik erori zen. "Istripu hori saihestu zitekeela uste dugu, baina istripua gertatu arren, enpresak ez du inolako neurririk hartu".

Azpikontratatutako langileek seinalatu dute, gainera, haiei ez ezik, rokodromoetako erabiltzaileei ere eragiten diela horrek guztiak, "zerbitzuaren kalitatea murrizten delako". 

Azpikontraten negozioa jomugan

Atzoko prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, "arazo horiek ez dira berriak": "Oso antzekoak dira zerbitzua pribatizatu zenetik eskaladako instalazioetan pairatzen ari garen arazoak. Ez dezagun ahaztu Disportekin izandako esperientzia". Uste dute, hain zuzen ere, "azpikontratazioak sortutako arazoak" direla jasaten ari direnak, eta dinamika horrek ahalbidetzen duela "enpresa pribatuek gure soldata, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea kaltetuz irabaziak lortzea". Hori guztia "udalaren konplizitatearekin" gertatzen dela ohartarazi dute, "interes pribatu hori diru publikoarekin finantzatzen" duelako.

"Ez gara kalte hauek jasaten ari garen bakarrak, eta azpikontratatutako langileok elkartasun osoa adierazten diegu azkenaldian bestelako azpikontratetako lankideek abiatu dituzten borrokei, esaterako Enviserreko lorezainek", gaineratu dute. Eta jakinarazi dute, "iraganean egin genuen bezala", borrokari ekin diotela rokodromoetan, "abusuak eta azpikontratazioaren ondorioak salatzeko". Elkartasunez jardutera dei egin diete bai herritarrei bai azpikontratetako behargin guztiei.

NO HAY COMENTARIOS