Mobilizazio-ziklo berri bat ireki dute Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek. GESCA, LARES eta ELBE patronalak aurreko urteko urrian bildu ziren azkenekoz beharginen ordezkariekin, eta ordutik ez dute sektoreko lan-baldintzei buruz hitz egiteko borondaterik erakutsi. Hala, langileek protestei ekin zieten irailean, eta beste zazpi greba egunetara deitu dute datozen hilabeteetarako. Zehazki, urriaren 26an eta 27an, azaroaren 17an eta 18an, eta abenduaren 14an, 15ean eta 16an egingo dituzte lanuzteak.
Patronalei presioa egin nahi diete langileek, negoziazio mahaia berriz ere irekitzeko; izan ere, bi urte dira ez dela sektoreko hitzarmena berritzen. Hainbat exijentzia dituzte beharginek, gainera. Besteak beste, egoitzetako lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin parekatzea eskatzen dute, azaldu baitute sektorearen pribatizazioak "langileak itotzen" dituela eta "baldintzak okerragotu" dituela. "Behargin publikoek baino % 50 gutxiago kobratzen dugu lan bera
egiteagatik. Horri azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera gehitu
behar zaio, eta hilean 300 euro pobreagoak gara", esan dute LAB sindikatuko ordezkariek.
"Ratio duinak ezartzea" ere aldarrikatzen dute, jakinarazi baitute "neurriz kanpokoak" direla gaur egungo ratioak eta langileen gain dauden lan-kargak. "Egoiliarren zaintza alboratuta" dagoela ere adierazi dute beharginek; esaterako, egoiliarrek gela partekatu behar dutela, egunero dutxatzeko aukera bermatu gabe dutela eta otorduak ordu egokian ematea gero eta zailagoa dela salatu dute.