ACTUALIDAD / Espacios de control obrero
Bi gazte epaitu dituzte Getxon, Txorimalo gaztetxearen okupazioaren harira
2006tik birjabetuta dagoen Txorimalo gaztetxea okupatzea egozten diete. Hainbat lagun Getxoko epaitegiaren aurrean elkarretaratu dira, 'Aurrera Txorimalo, gora okupazioa!' lelo hartuta. Ertzaintza zelatan izan dute kontzentrazioak iraun duen bitartean.
2021eko maiatzaren 19
Bi gazte epaitu dituzte Getxon, Txorimalo gaztetxearen okupazioaren harira

Getxoko (Bizkaia) bi lagun epailearen aurretik pasatu dira gaur, "usurpazio delitua" egotzita; hain zuzen, Getxoko Txorimalo gaztetxearen inguruan egoteagatik identifikatu zituzten 26 eta 29 urteko gazteak. Hainbat pertsona epaitegiaren aurrean elkarretaratu dira, Aurrera Txorimalo, gora okupazioa! lelopean. Ertzaintzak kontzentrazioa zelatatu du uneoro.

Algortako Gazte Asanbladak 2006ko apirilaren 10ean okupatu zuen lehen Aixerrotako etxe hutsa zena, han bizi zen bikoteak bertatik irtetea eta herriko gazteei espazio hutsaren berri ematea erabaki ostean. Hala, dozenaka gaztek eraikina hartu eta gaztetxe bihurtu zuten. Ordutik, argi-mozketak, bideo-zaintza kamerak eta poliziaren identifikazioak jasan dituzte.

2007ko epaiketa

Aurrez kide gehiago ere epaitu izan dituzte okupazio berdinaren harira. 2007ko maiatzaren 7an, eskualdeko hiru gazte deklaratzera deitu zituzten Getxoko 5. Instrukzio Epaitegira, oraingoan mahaira atera duten delitu berdina egotzita.