ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Correo
2024/07/11 12:44

Polizia ere, nola ez, izaten ari da bakarrik dauden adin txikiko pertsona migranteak (gazteleraz Mena izenez seinalatuak) kriminalizatzeko kanpainaren eta jardunaren parte. Ahoztar Zelaieta kazetariak Hordago egunkarian gaur bertan jakinarazi duenez, EAEko hainbat zentrotan gazte horiek zelatatzen eta kontrolatzen aritu da Ertzaintza. Horretarako, aitzakiatzat hartu du "erradikalizazio-prozesuetan egon daitezkeen adingabeen identifikazio goiztiarra egitea", "islamaren mehatxuari" lotuta.

Erakunde publikoen tutoretzapean dauden gazteentzako zentroetan egin ditu ikerketa-lanak Ertzaintzak, kolaboratzaile-lanetan aritutako pertsona batek Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi duen txosten baten arabera. 2018ko abendukoa da txosten hori, eta, antza denez, Ertzaintzako Inteligentzia Kriminaleko Buruak idatzi zuen.

Poliziaren kolaboratzaile izandako pertsona ezezagun horrek parte hartu omen zuen "adingabeekin aritzeko lan-talde batean" eta aipatutako zentroetako hainbat kidek egindako "adierazpen-aktetan", 2018az geroztik. Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiaren (OCI, gazteleraz) zuzendaritzapean egin omen dira lan horiek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ia 800 dira bakarrik dauden eta erakunde publikoen tutoretzapean jarritako adingabe migranteak.

Ertzaintzaren kolaboratzaileen lana, galdera-ikurrez beteta

Badirudi Ertzaintzaren kolaboratzaile horrek, jatorri marokoarrekoak, zalantzak sortu izan dituela Espainiako Estatuko polizia-indarren artean. Izan ere, EAEko Polizia autonomikoarekin elkarlanean jardun arren, badirudi zuzen-zuzenean seinalatu zuela Espainiako Poliziak: pertsona hori ikertzen ari zen, adingabe migranteentzako zentro batean "proselitismo islamiarreko lanak" egitea leporatuta. Espainiako Poliziak zioenez, ikertuak (azkenean Ertzaintzaren konplize zenak) "DAESHen ekintza terrorista jakin batzuk alderatzen eta justifikatzen zituen adingabeen aurrean".

Hordago-ren esanetan, pertsona aljeriarren elkarte bateko presidente ohia Espainiako Estatutik kanpora zezatela agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, DAESHen alde egitea egotzita. Gasteizen (Araba) bizi omen zen, eta Ertzaintzako OCI sailarekin jarduten zuen elkarlanean. Auzitegi Gorenak, baina, 2021ean absolbitu zuen pertsona hori, Ertzaintzak bere alde egin eta bere zereginen berri eman zuenean.

Ertzainen arabera, pertsona horren eginkizunen artean zegoen EAEn "erradikalismo yihadistari" aurre egitea. Lan horrekin lotu zuten, hain zuzen ere, Ertzaintzako hainbat agentek EAEko zenbait meskitatako buruekin hitz egin izana, euren lankidetza eskatzeko. 2017an hasi omen ziren Poliziaren zeregin horiek.

Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza, eskutik gazte migranteen kriminalizazioan

Duela bederatzi urte, 2015ean, Islamismo Erradikalaren Kontrako Plan Estrategikoa (PECIR, gazteleraz) sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, agian "erradikalizazio-prozesu bat jasaten ari ziren" pertsona horiek atzemateko eta kontrolatzeko. Hordago-k gogorarazi duenez, baina, plan horretan ez zen jasotzen adingabeentzako zentroetan egiteko esku-hartzerik.

Zenbait hilabete beranduago, Arabako alkatetzekin bilera bat egin zuen OCIk, eta "arrisku-talde" modura seinalatu zituen bakarrik dauden adingabe migranteak. Ertzaintzak gaineratu zuen gazte horiek ez direla "gure gizartera egokitzen" eta euren burua "biktimizatzen" dutela, nabarmen arrazistak diren akusazioak eta mitoak elikatuz.

Gerora, PREPARE izeneko programarekin kolaboratzeari ekin zion Ertzaintzak, Europako "segurtasun publikoko" esku-hartzearen barruan. Helburua omen zen "familia islamistetako" seme-alabak zelatatzea. 2017tik aurrera, erakunde publikoen tutoretzapeko gazteengan ere jarri zuten fokua ertzainek, eta horiek espiatzeko lanak hasi zituztela dirudi.

Poliziaren eraso arrazistak, eta mehatxuak Bilbon eta Donostian

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkarteak 2021ean egindako azterketa baten arabera, galdekatutako gazte migranteen %30ek esan zuten Ertzaintzaren irainak jasan izan zituztela noizbait. %24ek, berriz, Poliziak nolabaiteko erasoren bat egin izan ziela azaldu zuten.

Eta gazte migranteekiko jarrera erasokor eta arrazista hori ez da inola ere mugatzen polizia-indarretara eta erakunde publikoen neurrietara. Bilbon (Bizkaia) eta Donostian (Gipuzkoa), adibidez, mehatxu arrazistak egin dituzte berriki hainbat faxistak: pertsona migranteen kontrako mezuak eta heriotza-mehatxuak zabaldu dituzte, hainbat esku-orriren bidez.

NO HAY COMENTARIOS