Atzo, uztailaren 4an, Mugimendu Sozialistak Iruñeko (Nafarroa) San Fermin jaietarako ireki berri duen Kalixto taberna miatu zuen Espainiako Poliziak, eta barruan auzolanean ari ziren hamabost pertsona identifikatu zituen. Gainera, haien objektu pertsonalei, esaterako, agendei eta koadernoei, argazkiak atera zizkieten poliziek. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak salatu ditu gaur gertakariak. Azpimarratu du atzokoa ez zela "errutinazko miaketa" bat izan; aitzitik, azaldu du "informazioa lortzea, militanteak beldurtzea eta tabernaren irudia kaltetzea" zuela helburu Espainiako Poliziaren Informazio Brigadaren operazioak.
Miaketaren "interes politikoa" seinalatu du, eta ohartarazi du "Estatuak indar errepresiboak erabiltzen jarraituko" duela "langileria antolatuaren aurka". Ildo horretan, nabarmendu du "langileriaren antolakuntza independentean pausoak ematea eta eskubide politikoak defendatzen jarraitzea" dela horri guztiari aurre egiteko "modu bakarra".
Halaber, gaur Kalixto aurrean egindako prentsaurrekoan, Kontseilu Sozialistako hainbat kidek adierazi dute eraso horiek ez dutela euren "borondatea kikilduko", eta "Kalixto tabernaren egitarauarekin aurrera jarraitzeko" konpromisoa dutela. "Klase elkartsuna" aldarrikatu dute, eta mobilizazioetan zein Kalixtoko eskaintzan parte hartzeko deia ere luzatu dute.