ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Astigarraga.
2024/09/30 18:03

Laster izango da Gipuzkoan gizonezko baten kontrako epaiketa, jatorri kolonbiarreko gutxienez zortzi langile esplotatzeagatik, Astigarragan (Gipuzkoa) nagusiki. Beharginetako bakoitzak bederatzi urteko espetxe-zigor bana eskatu du esplotatzailearentzat, eta beraz, denera, 72 urteko zigor eskaera bati egin beharko dio aurre. Gipuzkoako Fiskaltzak, ordea, hiru urteko zigor bat besterik ez du eskatzen; eta Gizarte Segurantzak, berriz, hiru eta sei urte artekoa.

Auzipetutako gizonak 2019ko maiatzetik aurrera esplotatu zituen zortzi langile migranteak. Euren egoera zaurgarriaz eta deportatuak izateko beldurraz baliatuta, miseriazko lan-baldintzak ezarri zizkien, eta horietako batzuei Kolonbiatik etor zitezen egin zien iruzur, lan-eskaintza batzuen bidez.

Askotariko lanak, baldintza penagarrietan

Batez ere Astigarragan egin behar izan zuten lan esplotatutako beharginek, eta askotariko lanak ezarri zizkien iruzurgileak: mantenu-, garbiketa- eta zamatze-lanak egin zituzten Astigarragako biltegi batean (bertan egin behar izaten zuten lo langileetako batzuek), ibilgailuak gidatu zituzten, sukalde-lanetan aritu ziren, eta abar.

Lesakako (Nafarroa) diskoteka batean jardutera ere behartu zituen noizbait, eta emakumezko langileak bere arropa pertsonala garbitzera eta bere janaria prestatzera ere derrigortu zituen. Gutxiago ordaintzen zien emakumeei, gainera.

Esplotatzaileak langile migranteei hitzeman zien euren egoera legeztatzen lagunduko ziela, baina gero ez zuen bere hitza bete. Ez hori bakarrik: adostutako soldata baino gutxiago ordaintzen zien, bederatzi eta hamalau ordu arteko lanaldiak inposatzen zizkien, iraindu eta umiliatu egiten zituen, deportazioarekin mehatxatzen zituen, eta abar.

Behargin migranteen esplotazioa Euskal Herrian

"Sarri ezkutuan gertatzen diren baina geroz eta ohikoagoak bilakatzen ari diren espotazio-praktika horien aurrean, ezinbestekoa zaigu inpunitate osoz jokatzen duten nagusien aurka borrokatzea eta langileon autodefentsarako gaitasunak garatzea", adierazi du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, Astigarragako gertakarien harira.

Honakoa ez da izan azken hilabeteetan Euskal Herrian argitara atera den kasu bakarra. Ekainean, esaterako, Zerainen (Gipuzkoa) eman zuten lau pertsona migrantek jasandako lan-esplotazioaren berri.

NO HAY COMENTARIOS