Etxean da jada David Urdin iheslari politiko ohia. 2007an atxilotu zuten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "kale borroka" eta sabotaje-ekintzak egotzita; torturak jasan izana salatu zuen burlatarrak. Burlatako (Nafarroa) beste lau gazte ere eraman zituzten atxilo. Urdinek hamabost hilabete eman zituen kartzelan 2007 eta 2009 artean eta, fidantzapeko askatasuna lortuta, epaiketaren zain geratu zen 2009an. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka irekitako auzian, dena den, fiskaltzak 27 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat.
Ihes egin zuen orduan Urdinek, eta hamabi urte inguruko erbestealdiaren ostean itzuli zen etxera aurreko astean. Igandean entregatu zuen bere burua, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa egin ziezaioten 2007 baino lehenagoko ekintza horien harira. Akordioa lortu du auzitegiarekin, eta bi urtera jaitsi diote kondena. Modu horretan, beraz, ez dute berriro kartzelaratuko.