ACTUALIDAD
Anderrentzat justizia exijitu dute berriz Santurtzin
Inpunitate poliziala salatuz, "erantzukizun zuzena" udaltzaingoari egotzi dio Justizia Anderrentzat plataformak, eta konplizetzat jo du udal-gobernua. Atzoko manifestazioan, udaltzainek Ander atxikirik izan zuten tokian gelditu eta lore-eskaintza bat egin zioten manifestariek. Beste manifestazio bat iragarri dute urriaren 3rako.
2026eko uztailaren 18 - 05:12
Anderrentzat justizia exijitu dute berriz Santurtzin
— ARGAZKIA EITB

Beste mobiliziazio jendetsu bat izan zen atzo Santurtzin (Bizkaia), ekainaren bukaeran udaltzainek eraildako gaztea oroitzeko, justizia exijitzeko, eta inpunitate eta biolentzia polizialari ezetz esateko. Ekainaren 27an egin bezala, ehunka lagun mobilizatu ziren Santurtziko kaleetan, Justizia Anderrentzat plataformak deituta. 

Ander ekainaren 22an sartu zen koman, udaltzainek taser pistolarekin eta borrekin jipoitu eta bi orduz lurrean atxikirik izan zutenean, bero-bolada betean. Brote psikotiko bat jasan zuen gazteak eta laguntza eske jo zuen udaltzainengana, baina bera jipoituz erantzun zuten poliziek; bi egun beranduago hil zen ospitalean. Atzoko manifestazioan, Ander indarrez atxikirik izan zuten tokian gelditu ziren manifestariak, eta lore-eskaintza bat egin zioten bertan.

Justizia Anderrentzat plataformak salatu zuen Anderren heriotzak "erantzule eta konplize zuzenak" dituela. Are: udaltzainei leporatu zien "gertatutakoaren erantzukizun zuzena", eta konplize modura seinalatu zuen udal-gobernua (EAJ), Polizia eta bertsio poliziala defendatu baititu une oro. Ekainaren 22an gertatutakoa argitu dadila exijitzeko eta bortizkeria polizialaren aurkako neurriak eskatzeko sortu dute Justizia Anderrentzat, eta atzoko mobilizazioaren ostean, jakinarazi dute beste manifestazio bat izango dela urriaren 3an.

Hainbat helburu konkretu markatu ditu plataformak. "Lehenengoa. Anderren heriotzari buruzko egia mahai gainean jartzea. Bigarrena. Erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzea. Hirugarrena. Ander Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea. Laugarrena. Etorkizunean halakorik beste inori ez gertatzea bermatzea, honako neurri hauen bidez: hilgarriak izan daitezkeen polizia-baliabideak erabiltzea debekatzea, hala nola taserrak, eta inplikatutako poliziak behin-behinean kargutik etetea".