Amaia Zabarteren kasua itxi du epaileak, bigarren aldiz
— ARGAZKIA Sare Antifaxista-ren bidez (X)

Amaia Zabarteren kasuan, Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak ez du ikerketarekin jarraitu eta erantzulerik zigortu nahi. Gaur eguerdian hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez, auzia artxibatzea erabaki du berriz Ana Isabel Perez Asenjo epaileak. Instrukzio-fasean egon da kasua, Ertzaintzak 2024ko martxoaren 5ean zauritu baitzuen Zabarte, foam jaurtigai batekin belarri inguruan jota, baina badirudi ez duela aurrera egingo.

Berria-k jaso duenez, epaileak dio ezin dela jakin ea Ertzaintzak jaurtitako foam jaurtigai bat izan zen Amaiari buru aldean zauri larriak eragin zizkiona. Ikerketa judizialean zehar, Ertzaintzak behin eta berriz ukatu du bai egun hartan foam balak erabili izana bai Zabarteri ostikada bat eman izana, lurrean zauriturik zegoenean. Grabazioek eta lekukoek, baina, bertsio poliziala gezurtatu izan dute: lekuko batek urtarrilean bertan azaldu zuen ertzain batek ostikada jo ziola Amaiari, eta biktimak berehala esan zuela poliziek pilotakada bat eman ziotela buruan. Hala ere, Perez Asenjo epaileak Ertzaintzaren deklarazioak hartu ditu erreferentziatzat, Berria-k seinalatu duenez.

Salaketa jarri zutenetik, Zabartek eta bere senideek behin eta berriz seinalatu dituzte ikerketa judizialak izan duen bilakaera eta inpunitatea. Epaileak ez zion Amaiari deklaratzeko eskatu urtebete igaro zen arte, eta hamar minutuz baino ez zuen hitz egin epailearen aurrean. Kontrara, badirudi Ertzaintzako agenteek esandakoak garrantzi handiagoa duela Perez Asenjorentzat.

Sei ertzainek deklaratu zuten ikertu gisa eta lauk lekuko gisa. Batzuek esan dute ez dutela gogoratzen ea non bota zituzten foam jaurtigaiak; beste batzuek ukatu egin dute balak jaurti izana, Olaeta kalean behintzat. Deklarazio horiek aintzat hartuta, epaileak defendatu du zalantzan dagoela ea ertzainek Zabarteri ostikada eman ote zioten; eta, gainera, ezin dela ziurtatu ertzainek botatako foam bala baten ondorioz zauritu zenik. Epailearen iritziz, mediku-txostenetik ezin da ondorioztatu ea zerk eragin zituen Amaiaren zauriak. Argudio horiekin, berriz baztertu du ikerketa sakontzea eta Ertzaintza zigortzea, eta zigorgabe geratuko dira Zabarte larriki zauritu zuten poliziak.