ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/10 11:13

"Barne-segurtasuna indartzen dugu", adierazi du Alemaniako Barne Ministerioko buruak, Nancy Faeser sozialdemokratak. Lurreko mugak kontrolatzeko neurriak zorroztuko ditu Alemaniako Gobernuak, eta, horrela, ukatu egingo die sarbidea "agiri faltsuekin edota bisarik gabe" harrapatzen dituzten pertsona migranteei.

Gobernuak justifikazio modura erabili du migrazio "irregularra" kontrolatzea, eta hurrengo sei hilabeteetan kontrol iraunkor gehiago ipiniko dituzte Herbehereetako, Belgikako, Danimarkako, Frantziako zein Luxenburgoko mugetan. Kontrol horiek ohikoagoak dira gaur-gaurkoz Poloniako, Txekiar Errepublikako, Austriako eta Suitzako mugetan, teorian aldizka ezarri dituelako Alemaniak 2003tik hona.

2023ko urritik, 30.000 lagunen sarrerari uko egin dio Alemaniak. Faeser ministroa, ordea, prest agertu da migrazio-politika are gehiago gogortzeko. Pertsona migranteen "errefusatze masiboak" ezartzeko bideak aztertu omen ditu jadanik, eta adierazi du "legalki sendoa den formula bat" diseinatu duela.

Eskuin muturrak bultzatu du neurria

Alemaniako agenda politikoan ere, migrazioa eraman dute eztabaiden erdigunera azken hilabeteetan. Duela hilabete, hiru pertsona labankadaz erail zituen gizon batek, eta Estatu Islamikoak aldarrikatu zuen erasoa. Gertakari horiek baliatu dituzte faxistek, hala nola AfD alderdi ultraeskuindarrak, zenbait kolektibo kriminalizatzeko eta diskurtso faxista indartzeko. Horrekin batera, Turingiako Estatu Federatuko hauteskundeak irabazi zituen AfD-k irailaren 2an.

Testuinguru horretan, Olaf Scholz kantziler sozialdemokratak ere erosi du posizio faxista, eta immigrazio zehatz baten aurkako jarrera gogorragoa hartu du. Immigrazioaren aurkako politikak defendatzen dituzte alderdi nagusiek; bai ultraeskuinak, bai sozialdemokratek, bai Alemaniako Batasun Demokrata Kristauak. Azken horrek, gainera, asilo politikoa eskatzen duten pertsonak zuzenean errefusa ditzatela ere eskatu du, beste neurri batzuen artean. 

NO HAY COMENTARIOS