ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Patxi Corral/Araba Press
2023/12/14 09:44

Berri onak Aiaraldean: ez dituzte espetxeratuko Tubacexeko langileek 2021ean egindako grebari lotuta auzipetutako hiru gazteak. Absolbitu egin dituzte haietatik bi, eta urtebeteko zigorra ezarri diote hirugarrenari; sei hilabetekoa desordena publikoak eragiteagatik eta beste seikoa agintaritzari eraso egiteagatik.

Berez, irailean epaitu behar zituzten hiru gazteak, baina atzeratu egin behar izan zuten saioa, bi ertzain ez baitziren deklaratzera bertaratu. Abendurako ezarri zuten data berria; zehazki, joan den astelehenerako, hilaren 11rako. Aiaraldea atariak jakinarazi duenez, guztira, hamalau polizia-agente joan ziren epaiketara, nahiz eta ez zuten guztiek deklaratu.

Asteleheneko epaiketan, absolbitu egin zuten auzipetuetako bat, fiskaltzak berak atzera bota baitzituen bere kontrako akusazioak. Bigarren gazte batek urtebeteko kartzela-zigorra onartu zion fiskaltzari, eta espetxeratua izateko arriskutik kanpo geratu zen. Hirugarren auzipetua, baina, sententziaren zain geratu zen.

36 urterainoko zigorra jarri ahal zioten, desordena publikoak eragitea eta agintaritzari atentatua egitea egotzita. Atzo jakinarazi zuten, ordea, zein izan den sententzia azkenean: hirugarren gaztea ere absolbitu egin dute bi akusazioetatik.

Lau urtetik gorako zigor eskaerak, grebalariekin elkartasunez aritzeagatik

Zigor altuak eskatzen zituzten hiru gazteentzat, Tubacexeko Aiaraldeko beharginek 2021ean egindako grebaren harira. Greban istiluak sortzeko talde antolatu bat osatzea leporatu zieten auzipetuei, eta, horri lotuta, bi akusazio zehatz egin zituzten euren aurka: agintaritzari eraso egitea eta desordena publikoak eragitea. Horregatik, lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigor eskaerei egin behar izan diete aurre gazteek. Tubacexeko greba dela-eta izan diren zigor eskaerarik altuenak dira.

Zazpi auzipetu guztira

Osotara, zazpi pertsona egon dira auzipetuta Tubacexeko grebari lotuta: aipatutako hiru gazteez gain, Tubacexeko lau langile grebalari auzipetu zituzten. 2022ko azaroan epaitu zuten Amurrioko (Araba) behargin bat polizia-agente bat jotzea leporatuta, baina absolbitu egin zuten. Laudioko (Araba) beste langile bati aurtengo ekainean egin zioten epaiketa, eta sei hilabeteko zigorra eta isun bat jarri zizkioten azkenean, atxilotu zutenean erresistentzia erakusteagatik.

Beste bi langileak duela gutxi epaitu dituzte, joan den azaroan. Berez urriaren 11rako zegoen finkatuta epaiketa, baina atzeratu egin zuten saioa. Batek lau hilabeteko zigorra eta isun bat onartu zituen egun horretan (atentatua eta lesioak egozten zizkioten), baina besteari epaiketa egin zioten aurrerago, azaroaren 10ean. Sei hilabeteko zigorra ezarri zioten hari, ertzain bati eraso egin ziolakoan.

236 eguneko greba

Tubacexeko Aiaraldeko langileak ia zortzi hilabetez izan ziren greban 2021ean, kolokan baitzeuden eskualdeko 100 beharginen lanpostuak. Protesta eta mobilizazio ugari izan ziren hilabete horietan, eta borrokan ari ziren langileek babes handia izan zuten eskualdean. Ertzaintza hainbatetan bertaratu zen Tubacexeko lantokietara, eta behin eta berriz oldartu zen grebalarien kontra, bai eta haiekin elkartasunez mobilizazioetara batu ziren pertsonen kontra ere.

NO HAY COMENTARIOS