Bideo-zaintza kamera gehiago ezarriko ditu Iruñean (Nafarroa) Iruñeko Udalak, Javier Labairu zinegotziak jakinarazi duenez. Guztira 59 kamera berri jartzea da asmoa, baina bi fasetan gauzatuko dute prozedura. Lehenengo fasean 29 kamera ipiniko dituzte, 22 Alde Zaharrean, eta zazpi Gazteluko ingurunean. Antza, San Fermin festak hasi aurretik amaituko dute aurreneko fase hori, eta gero hasiko dira Iruñeko gainontzeko auzoetan ere kamerak jartzen. Bigarren fasean, San Juan inguruan ezarriko omen dituzte kamera gehien.
Osotara, 300.000 euro bideratuko ditu udalak lehenengo fasean ipini beharreko kamerak ordaintzeko. Udalaren esanetan, "bide publikoan egiten diren delituei" aurre egitea da helburua.
Une honetan, gutxienez 106 bideo-zaintza kamera daude Iruñeko bide publikoan. 70 dira trafikoko kamerak, eta 36, ustez "hiritarren segurtasunerako" ipinitakoak. Iruñeko Udaltzaingoaren koordinazio zentroari konektatuta daude kamerak, eta halaxe egongo dira datozen hilabeteetan jarriko diren gailu berriak ere.
Polizia gehiago
Kamerak jartzea, baina, ez da "delinkuentziari aurre hartzeko" kontrol-mekanismo bakarra izango. Udalak iragarri du polizia-indar desberdinen arteko koordinazioa indartuko dutela, eta "zenbait gune jakinetan", handitu egingo dutela uniformez nahiz kalez jantzitako polizia-agenteen kopurua. Ikastetxe eta institutuetan, gainera, "ekintza informatiboak nahiz formakuntza-ekintzak" egingo omen dituzte.