Josu Zabala Erasun irundarra 1976ko irailaren 8an erail zuen Guardia Zibileko agente batek, Hondarribiko (Gipuzkoa) jaietan. Arratsaldeko Alardearen ondoren manifestazio bat izan zen herrian, ETAko Eduardo Moreno Pertur militantearen desagerpena salatzeko eta amnistia erreibindikatzeko, baina guardia zibilek mobilizazioa desegin zuten gomazko pilotakadaka eta tiroka.
Gutxienez bi lagun zauritu zituzten kargan. Zabala bi tiroz josi zuten eta hil egin zuten San Pedro kalean, baina gorpua Donostiara (Gipuzkoa) eraman eta gero, autopsia egitea debekatu zieten medikuei. Militarrek gauzatu zuten ustezko autopsia, ondorioztatuz "bizkarrezurreko haustura" batek eta "hemiperitoneo handi" batek eragin zutela 24 urteko irundarraren heriotza.
1977an epaitu zuten gaztea tiroz erail zuen guardia zibila, baina amnistia ezarri zioten, eta ez zuten sekula espetxeratu.
Zabalaren erailketaren 49. urteurrenean, hura oroitu eta "oroimena borrokan eraikitzera" deitu du Bidasoko Kontseilu Sozialistak. "Askatasun politikoen alde borrokatu zutenak eta errepresioa pairatu zutenak ditugu gogoan gaurkoan", azaldu du.