ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Euskal Memoria
2025/11/26 13:43

Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Mikel Zabalza, duela 40 urte hain zuzen ere. Beste hainbat pertsona ere atxilotu zituzten operazio berean: bere bi anaiak, Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Ion Arretxe errenteriarra. Bi anaiak aske utzi zituzten, baina ETAko kide izatea egotzita, Intxaurrondoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelera eraman zituzten gainerako laurak. Mikel bertan desagertu zen.

Lau hamarkadaren ondoren, gertakariek ofizialki argitzeke jarraitzen dute, eta Espainiako Gobernuak sekretupean mantentzen du auziari buruzko informazioa. Urteurrenaren bueltan, berriz eraman dute gaia Espainiako Kongresura, eta hainbat ordezkari politikok eskatu diote gobernuari auziaren inguruko artxiboak desklasifikatu ditzala. Teorian, horretarako eskumena du Diputatuen Kongresuak, elDiario.es-ek jaso duenez.

Atxilotuak izan ziren gainerako pertsonek azaldu zuten guardia zibilek bortizki torturatu zituztela Intxaurrondon. Aierbek poltsa bat buruan zuela ikusi zuen Zabalza kuartelean, eta bere lehengusuetako batek gaztearen oihuak entzun zituen.

Atxilotua izan eta 20 egunera topatu zuten Mikelen gorpua, Bidasoa ibaian. Eskuburdinekin loturik zegoen oraindik. 33 urte zituen.

Ikerketek zalantzan jarri zuten bertsio ofiziala

Bertsio ofizialean esan zuten Guardia Zibilak Lesaka (Nafarroa) ingurura eraman zuela Zabalza bere atxiloaldian, ETAren "zulo" bat identifikatzeko, eta ihes egiten saiatu zela bertan, Bidasoa ibaira salto eginez. Teorian, guardia zibilek beraiek "aurkitu" omen zuten uretan gero, 1985eko abenduaren 15ean. 

Ikerketek, ordea, zalantzan jarri zuten bertsio hori. Gorpua ezagutezin zegoen, baina hainbat lekukok jakinarazi zuten galdeketa gogor bat egin ziotela Zabalzari guardia zibilek, eta torturen ondorioz hil zela. Zabalzaren ama kuartelera joan zenean, semea non ote zeukaten galdetzera, burla egin zioten eta "galdutako objektuen bulegora" jo zezala erantzun zioten.

Gainera, duela lau urte eskas, 2021ean, telefono-elkarrizketa bat atera zen argitara. Guardia Zibileko kapitain Pedro Gomez Nieto eta zerbitzu sekretuetako Alberto Perote entzuten ziren hizketan, eta Gomez Nietok ulertzera ematen zuen Guardia Zibilak erail zuela Mikel. Bere ustez "eskua joan" zitzaiela zioen.

Torturen testigantzak jaso zituzten

Ion Arretxek Intxaurrondo: la sombra del nogal liburuan kontatu zituen atxiloaldi horretan jasandako torturak. "Burua uretan sartzen zidaten, galderak egin, berriro sartu itolarria eraginez… Behin baino gehiagotan galdu nuen konortea eta hil nendin desiratzera iritsi nintzen, [...]. Dena oihuak ziren [...]. Tarteka mediku batek azazkalak miatzen zizkidan, horrela zekiten-eta torturatzen segitzerik bazeukaten. Intxaurrondora itzuli ginenean blai eginda nengoen, soinean botaka eta txiza eginda. Arrastaka eraman ninduten gela batera, eta han inkomunikatu".

Ondokoa ere azaldu zuen: "Zuzenean mendira eraman ninduten, erreka bazter batera. Ondo aukeratuta zuten lekua. Plastikozko zakuak sartu zizkidaten burutik eta oinetatik, eta ondoren zinta itsasgarriarekin gorputz osoa bildu zidaten, momia baten modura utziz".

NO HAY COMENTARIOS