Oreretako (Gipuzkoa) 23 bizilagun auzipetu dituzte 2019ko apirilaren 14an Ciudadanos alderdiak herrian egin zuen ekitaldiaren aurka protesta egiteagatik. Berria egunkariak jakinarazi duenez, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorra eta hainbat isun ezar ditzake Donostiako Lurralde Auzitegiak, Ciudadanos alderdiak eta Albert Riverak pertsonalki aurkeztutako salaketa medio.
"Hauteskunde delituak" eta "ordena publikoaren aurkako ekintzak" dira auzipetuei leporatzen dizkieten karguak. Riverak egonaldian zehar grabatutako bideoak baliatu dituzte bizilagunak identifikatzeko eta, epaiketara begira, euren kontrako frogak izateko.
Ciudadanosen kanpaina
Espainiako Estatuko Gorteetarako hauteskunde kanpainaren barruan egin zuten agerraldia Oreretan Ciudadanos alderdiko kideek. Bizilagun askok, ordea, ez zituzten adeitasunez hartu: txistuak, oihuak eta lapiko hotsak euren hitzen gainetik entzun ziren maiz. Kataluniako preso politikoei elkartasuna adierazi zieten hainbat oreretarrek.