ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/05 16:39

Legea egina duenak tranpa egina duela dio gaztelaniazko esamolde batek. Bada, horixe da Espainiako Estatuko azken lan-erreformaren ostean langabeziaren eta behin-behinekotasunaren estatistikak estaltzeko egin dutena: amarru kontzeptual bat. "Aldizkako finko" izendatu den modalitatearen barruan afiliazioaren bilakaera begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: mota horretako 2,17 milioi kontratu sinatu ziren 2022an, 2021ean baino 1,96 milioi gehiago; %44ko igoera urtebetean.

"2022. urtea 471.360 enplegu sortuta amaitu zen", diote Moncloatik, harro. Gizarte Segurantzak hogei milioi afiliatuen langa gainditu zuen lehen aldiz, Gizarte Segurantzako Ministerioak asteartean jakinarazi zuenez. Ia milioi erdi lanpostu horiek sortzeko, ordea, 18,3 milioi kontratu sinatu behar izan ziren, horietako askoren iraupen laburra zela eta.

Makillaje juridikoa

Lan-erreformaren ondorioz, aldi baterako enplegu ugariren izendapena aldatu da, tradizioz aldi baterako kontratu batekin eratzen zirenak "kontratu mugagabe" izatera igaro baitira; "aldizkako finko" izatera. Urteko sasoi jakin batean bakarrik lan egiten dutenak dira horiek. Aldi horietatik kanpo langabezia kobratzen dute langile horiek, baina enpresarekin kontratu-harreman bat mantentzen dute. Baldintza horien pean lan egiten duten soldatapekoen kategoria terminologikoki moldatu den arren, euren errealitate sozioekonomikoa ez da askorik aldatu.

PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernua babesten dutenek pentsa dezakete "aurrekaririk gabeko gorakada" izan dela kontratazio mugagabean, eta, aldi berean, behin-behinekotasuna murriztu egin dela. Hori horrela da, baina nominalki baino ez. Izan ere, aldi baterako kontratuekin bete ohi ziren lanak orain mugagabeekin edo aldizkako finkoekin bete dira. Hau da, behar denean langilea aktibatzeko eta desaktibatzeko aukera ematen duen kontratu mugagabeak sortu dituzte, jarduera-maila jaisten denean eta jada beharrezkoa ez denean langabeziara bidaliz.

5,78 milioi kontratu mugagabe sinatu ziren iaz, hau da, 2021ean baino 4,5 milioi kontratu gehiago. Hala ere, beste zifra batzuek Espainiako Gobernuaren propaganda gezurtatzen dute: hamabi aldiz handitu da aldizkako langile "finkoek" kontratu horien guztien gainean duten pisua. Bestalde, mugagabeak hazi dira, bai, baina hein batean lanaldi partzial mugagabeen %23ko areagotzeari esker izan da hori: mota horretako 1,35 milioi izan ziren joan den urtean, 2021ean baino 1,04 milioi gehiago. SEPEren kontratuen datuek jasotzen dutenez, lanaldi osoko kontratu mugagabeen proportzioa, "egonkorrenena", % 33 igo da. Horixe litzateke, beraz, historikoki "finko" gisa ulertu den figuraren igoera erreala.

Kontratu mugagabea zeukaten 2,28 milioi langile gehiago zenbatu zituzten iaz. Horietatik 1,23 milioi lanaldi osoko enplegu mugagabera pasatu ziren, 603.942 lanaldi partzialeko kontratuekin sartu ziren eta 451.662 aldizkako langile finko berriak izandakoak ziren. Aldi baterako langileen kopurua 1,81 milioi jaitsi denez eta mugagabeena 2,28 milioi igo denez, kontratu mugagabe berri bat –lanaldi osokoa zein partzialekoa– edo aldizkako kontratu finko bat sinatu duten 470.000 mugagabe berri inguruko lekualdatze bat sumatzen da lan merkatuko zifretan.

Egiturazko mugak

Hala ere, Espainiako Estatuko enpleguaren tipologia ez da askorik aldatu: lehen urtarokoak ziren lanek halaxe izaten jarraitzen dute; hondartzetako ostalaritza-enpleguek, esaterako. Desberdintasun bakarra da kontratu horiek dituztenek orain, jarduerarik gabeko aldiaren ondoren, enplegura itzultzea bermatuago dutela, nolabait esatearren. Mugagabeak badira, kalte-ordain handiagoa izango dute denboraldia amaitzen denean kaleratzen dituztenean. Langabeziaren jaitsiera erlatibo bat ere egon da, baina "sabaia jotzen hasia dela" iragarri dute ekonomialariek. 

Aldizkako langile finko horiek ez dira beti lanean ari, kontrara, jarduerarik gabeko aldi batzuetan etxera bidaltzen dituzte. Gainera, denek ez dute langabezia-prestazioa kobratzen. Adituen ustez, interesgarria litzateke hilero aztertzea horietako zenbat dauden aipatutako egoeran; soldatapean teorian eta langabezian praktikan, alegia.

Ministerioak, ordea, ez omen du hilero horren berri emateko moduko "berme estatistikorik", Joaquin Perez Rey Enpleguko estatu-idazkariak onartu duenez. Autokonplazentziazko datuak argitaratzeko baino ez dituzte bermeak, hala nola, 2022an 268.252 langabe gutxiago egon direla (% 8,64) esateko. PSOEren eta Unidas Podemosen plateretik jaten ez duten ekonomialariek salatu dutenez, aldizkako langile finkoen areagotzeak datu horiek desitxuratu ditu.

Soldatapekoen proportzio altuagoa

2022an, Gizarte Segurantzako hogei milioi afiliatuetatik, 15,82 milioi besteren konturako langileak ziren, hau da, besteren bati saltzen zioten euren lan-indarra. Horietatik %77k kontratu mugagabea zuten, %15,5 aldi baterako langileak ziren, %0,7k ikasketa- edo praktika-kontratua zuten. Gainerakoek "beste kontratu mota" bat zeukaten.

Lan-erreformak enpleguaren dinamiketan eragindako aldaketaz haratago, iaz 471.360 langile gehiagorekin itxi zen urtea. 2012tik izandako abendurik txarrena izan zen kontratazioari dagokionez, 12.640 enplegu gehiagorekin. Gehienak soldatapeko lanean izan ziren, lan erregimen orokorrak 470.972 postuko saldo positiboarekin itxi baitzuen urtea. Talde horren barruan etxeko eta nekazaritzako espezialitate bereziak kokatu ziren, enpleguak galdu zituztenak; 5.584 eta 48.386, hurrenez hurren. Lan autonomoak ia berdin itxi zuen urtea, bost autonomoko irabazi garbiarekin; Itsasoko Erregimenak, berriz, 409 langile irabazi zituen, eta Ikatzarenak 27 galdu.

Ostalaritza nagusi

Bada enpleguaren kalitatearen bestelako neurgailu bat: ostalaritza izan zen Estatu mailan soldatapeko enplegu gehien sortu zituen sektorea, urtean 87.037 lanposturekin. Horren ostean datoz gainontzeko guztiak, tarte nabarmenarekin: informazioa eta komunikazioa (+52.265), jarduera profesional eta zientifikoak (+52.177), osasun- eta gizarte-jarduerak (+49.228), eraikuntza (+45.186), garraio eta biltegiratzea (+42.824) eta merkataritza (+41.484).

Lanpostuak galdu zituzten jarduera bakarrak honako hauek izan ziren: etxeetako enplegu-emaileak (-895), lurraldez kanpoko erakundeen jarduerak (-152) eta finantza- eta aseguru-erakundeak (-66).

NO HAY COMENTARIOS