ACTUALIDAD / Violencia policial
19 urteko gazte bat erail du Poliziak Frantziako Cherbourg hirian
Igande gauean, kontrol batetik ihes egin ostean, bularraldean tirokatu zuten gaztea polizia-indarrek. Beste bi gazte zihoazen autoan.
2024eko ekainaren 11
19 urteko gazte bat erail du Poliziak Frantziako Cherbourg hirian
— ARGAZKIA Julien Pruvost/NR

Poliziak beste gazte bat erail du Frantziako Estatuan; Cherbourg-en-Contentin (Mantxa) hiritik gertu, hain zuzen ere. Igande gauean izan zen hilketa: itxura denez, auto bat geratzen saiatu ziren polizia-indarrak, baimendutako abiadura gainditu omen zuelako. Hiru lagun zihoazen ibilgailuan, eta kontrol batean exijitu zien Poliziak geldi zitezela. Kotxeak, baina, bidean aurrera egin zuen, kontrol-puntutik igarota.

Orduan, gazteen kontra jo zuten kontrolean zeuden polizia-agenteek. Hainbat iturriren arabera, alde egiten saiatu ziren hirurak: ihes egitea lortu zuen batek, atxilotu egin zuten bigarren bat, eta Poliziak erail zuen hirugarrena; 19 urteko gizonezko bat.

Libération atariaren arabera, suzko arma bat erabili zuen bere kontra polizietako batek, eta bularraldean tirokatu zuen mutila. Zenbait iturrik argitu dutenez, Poliziak hildako pertsonak ez zeraman inolako armarik.

Astelehenean atxilotu zuten gaztea erail zuen agentea. Dena den, Frantziako Poliziaren esku utzi dute gertaturikoa argitzeko ikerketa; barne-mailako ikerketa modura, momentuz.