SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak jasotako datuen arabera, gora egin du erregistratutako langabe kopuruak Hego Euskal Herrian. Abuztuan 2.012 pertsonak eman dute izena langabe modura Nafar Lansareren eta Lanbideren bulegoetan; hala, une honetan 185.420 dira erregistratutako langabeak (%55,5 emakumeak eta %44,5 gizonezkoak), iazko abuztuan baino 35.819 gehiago. Gainera, aurreko abuztuan baino 27.000 kontratu gutxiago sinatu dira.
Araban (823 langile gehiago), Bizkaian (1.508 gehiago) eta Gipuzkoan (759 gehiago) hazi egin da langabe kopurua. Nafarroan, aldiz, jaitsi egin da (1.078 gutxiago). Sektoreei dagokienez, Hego Euskal Herrian sektore guztietan egin du gora langabeziak, nekazaritzan izan ezik (hainbat uzta biltzeko unea da orain).
Eurogunean ere gora egin du erregistratutako langabeziak: uztailean %7,9ra igo zen langabezia-tasa (ekainean baino bi dezima gehiago), ehunekorik altuena 2018. urteko azarotik. Europar Batasunaren osotasunean, aldiz, ekainarekin alderatuta, dezima bat hazi zen langabezia uztaileko datuen arabera: %7,2. Eurostaten arabera, ehunekorik altuena da 2018. urteko abuztutik. Espainiako Estatua eta Grezia dira langabezia-tasa handiena dutenak.