ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / ELA
2023/03/31 11:27

Iruñeko (Nafarroa) Morea merkataritza-guneko H&M dendako langileek 100 egunetik gora daramatzate greba mugagabean. Hamabost urte dira euren lan-baldintzak izoztuta daudela, eta, azaldu dutenez, euren erosahalmena %23 jaitsi da 2009. urtetik hona. Hortaz, grebara jo zuten Moreako saltokiko beharginek iazko abenduaren 9an, enpresa negoziatzera eser zedila eta langileen baldintzak hobetzeko konpromisoak har zitzala exijitzeko. Momentuz, ordea, H&Mk ez du lan-baldintzak hobetzeko inolako proposamen zehatzik egin.

Langileen aldarrikapen nagusiak dira soldatak igotzea, igandeetan eta jaiegunetan H&M ez irekitzeko neurriak hartzea, lanaldien partzialtasuna murriztea eta online salmentak lanpostuak ez suntsitzea.

Langileek duela bi aste bete zituzten 100 egun greban, eta, horren harira, protesta bat egin zuten Nafarroako Enpresa Konfederazioaren (CEN, gaztelerazko sigletan) egoitzaren aurrean. Negoziazioa orain! aldarrikatu zuten berriz, ehungintza sektoreko nahiz enpresa-esparruko konpromisoei erreferentzia eginda.

H&Mk "emaitza ekonomiko bikainak" izan ditu azken urteetan, ELA sindikatuaren esanetan. Antza, 20 milioi euroko irabaziak banatu ditu dibidenduetan.

Hemezortzi langile dira Moreako dendan, eta soilik zortzi aritzen dira lanaldi osoan; gainontzekoek lanaldi erdiko kontratuak dituzte. Lanaldi osoko beharginek hilabetean 1.000 euro inguruko soldatak dituzte, eta lanaldi erdikoek, beraz, 500 euro ingurukoak.

NO HAY COMENTARIOS