Kautelazko neurri modura, Espainiako Estatuan Telegram aplikazioa blokea dezatela agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Santiago Pedraz epaileak hartu du erabakia, hainbat enpresak jarritako salaketa ontzat emanda. Izan ere, Mediasetek, Atresmediak, Movistarrek eta Egedak salatu dute egile-eskubideek babestutako edukia barne hartzen duela Telegramek.
Hainbat hedabideren arabera, Telegrameko arduradunek ez diete erantzunik eman Pedrazek egindako eskaerei, eta horregatik erabaki omen du hark zuzenean plataforma ixtea. Mezularitza-aplikazio bati dagokionez gisa honetako neurri bat hartzen den lehen aldia da Europan, zenbait komunikabidek ohartarazi dutenez.
Pável Dúrov errusiarrak sortu zuen Telegram 2013an, eta 900 milioi erabiltzaile ditu munduan. Espainiako Estatuan 8,5 milioi pertsona inguruk erabiltzen dute.