AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Urola Kostako Itaia
2021/07/21 18:18

Zumaiako (Gipuzkoa) etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Zumaiako etxez etxeko laguntza hitzarmenaren alde borrokan lelo hartuta. Lan-baldintzak hobetzea eta hitzarmen kolektiboa berritzea da haien xedea. Zentzu horretan, "gatazkaren konponbidean urratsak ematea" eskatu diote Zumaiako Udalari. Bi elkarretaratze egin dituzte dagoeneko, joan den astean eta asteazken honetan, hurrenez hurren. Uztailean zehar asteazkenero bilduko dira, 13:00etan Beheko Plazan.

Lau urte dira Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko beharginak Eulen enpresarentzat lanean hasi zirela. Ordutik, lan-baldintzak adosteko ahalegina egin dute soldatapekoek, baina enpresa kudeatzaileak entzungor egin die eskariei. Gainera, zerbitzu horretako hitzarmen kolektiboa ez da aldatu azken zazpi urteetan. Hori gutxi balitz, herrialde mailan ez dago inolako hitzarmenik, eta lan-baldintzak tokian toki zehazten dira. ELA sindikatuak aditzera eman duenez, "langileek ez dituzte beren baldintzak hobetu 2014tik".

Lan baldintzak

Baimenei, lizentziei eta lanaldiei dagozkien hainbat baldintza hobetu nahi dituzte, besteak beste. ELAk gogora ekarri dutenez, etxez etxeko laguntza zerbitzuan "prekaritatea da nagusi". Horren baitan, "lanaldi partzialak eta oso ezegonkorrak" nabarmentzen dira. Esate baterako, sektore horretako langile ugari "bigarren lanpostu baten bila" aritu behar izan direla salatu dute. Pandemiarekin, gainera, lan-erregimena bereziki gogortu da sektore feminizatu horretako beharginentzat. Bestalde, "zama emozional zein fisiko handia" jasaten ari direla ere ziurtatu du sindikatuak.

Arduradun politikoak

Langileen ordezkaritzak ez du uste udala bitartekari soila denik; alderantziz, "arduradun zuzena" dela azpimarratu du: "Urte hauetan zehar Zumaian egon diren udal gobernuek erantzukizun politiko zuzena izan dute langileek gaur egun dituzten lan-baldintzetan".

Izatez, udala bera da Eulen enpresa kontratatzeaz arduratzen dena. Bertan agintean izan diren alderdiek, EAJk nahiz EH Bilduk, ez dute zerbitzua lizitatzeko edo inbertsiorik egiteko erabakirik hartu gaurdaino. Etxez etxeko laguntza "udalaren esku dagoen zerbitzua" dela gogorarazi dute; eta diru publikoarekin finantzatzen dela. Udalak zerbitzuaren kudeaketa hainbat urtez Eulenen esku utzi izana salatu dute.

Kontratuen eguneraketa

Eulen 2009an hasi zen Zumaiako zerbitzua kudeatzen. Geroztik, udalak behin eta berriz luzatu dio kontratua: 2011n, 2016an, 2017an nahiz 2019an. Hori ez ezik, bi aldiz igo du enpresarentzako aurrekontua, 2011n eta 2019an. Diru hori langileen soldatak igotzeko omen zen, baina 2014tik ez dute halakorik egin.

EZ DAGO IRUZKINIK