ZTE MMSS enpresako Zamudioko (Bizkaia) plantako langileek grebari ekin zioten asteartean, lan-baldintzen okerragotzeari zein soldaten izozketari aurre egiteko. Euskaltelen sarearen instalazioaz eta mantenuaz arduratzen dira langileak eta, sektorean ohikoa den bezala, azpikontratazioak nagusitu dira azken urteetan.
Enpresaren plantilla 130 langilek osatzen dute Hego Euskal Herrian, eta guztiak dira ZTE MSSren soldatapeko langileak 2014tik. Izan ere, langile horiek kaleratu eta jarraian berriz kontratatu zituzten urte horretan bertan, Euskaltelek zerbitzua kanporatu eta enpresa txinatarraren esku utzi ondoren.
Hala, 2018tik soldatak izoztu dizkietela, langileak kaleratu dituztela eta orokorrean lan-baldintzak okerragotu direla salatu dute langileek. Egoerari aurre egiteko ekin zioten grebari abenduaren 14an, enpresak hitzarmenaren negoziazioak blokeatzen zituela ikusita.
ELA sindikatuaren esanetan, "babes zabala" izan du grebak eta gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira bete. Enpresaren egoitzan egin zuten elkarretaratzea beharginek asteartean bertan, eta Euskaltelen egoitzaren aurrean elkartzeko asmoa ere badute.